Azaroaren 13tik 20ra bitartean izango dira Zinebi jaialdiaren 62. edizioaren emanaldiak eta sari banaketa. Aurten, Esti Urresola zuzendari laudioarra atal ofizialean lehiatuko da "Polvos somos" 29 minutuko fikziozko filmarekin.
Emakume gazte baten istoria kontatzen du lanak, bere aitonaren hileta dela medio, herrira itzultzen dena, hain zuzen. Jone Laspiur, Goize Blanco, Itziar Aizpuru, Klara Badiola, Patxi Santamaría eta Txema Blasco aktoreek parte hartu dute ikus-entzunezkoan. Ilargi Molinillo haur laudioarra ere agertzen filman, familiako ilobaren papera egiten.
Bestalde, epaimahaian beste laudior bat egongo da, Txani Rodriguez, alegia. Idazle eta kazetariak aipatu du jaialdia aldatu beharko dela apur bat: "COVID-19 dela eta, protokoloak izango dira, noski. Maskara, segurtasun distantzia... Pandemiak kultur ekitaldi guztietan dauka eragina, eta Zinebi ez da salbuespena izango. Aurten, hibridoa izango da, FILMin plataformaren bitartez ere egingo baita".
Ardura hori atseginez hartu du Rodriguezek: "Ni asko poztu ninduen Zinebiren deiak, eta erantzunkizunarekin hartzen dut enkargua zenbat kostatzen den istorio bat garatzea dakidalako. Aldez aurretik sumatzen dut zaila izango direla erabakiak".
Laudioarrak Anette Dujisin, Eugenia Mumenthaler, Izibene Oñederra eta Daniel Ribas izango ditu mahaikide atal ofizialean eta eurekin elkarlanean aritzea aberasgarria izango dela uste du.