AZKEN ORDUKOA

Laudioko Udal Euskaltegia itxi dute, COVID-19 kasuak agertu direlako

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 29a, 11:39

Laudioko Udal Euskaltegiko sarrera, gaur goizean. / Aiaraldea.eus

Hala ere, klaseekin aurrera jarraituko dutela nabarmendu dute arduradunek, “telematikoki”. 

Laudioko Udal Euskaltegia itxi dute, COVID-19 kasuak agertu direlako. Hala jakinarazi du udalak, eta azaldu du prebentzio neurri gisa hartu dutela erabakia. Tokiko erakundearen arabera, azpiegiturak hainbat egunez egongo dira itxita, “osasun langileen arakatze-prozesu osoa egin arte”. Osakidetzarekin ere jarri dira harremanetan,  “esku-hartze gehigarririk egin behar den” jakiteko. 

Hiru positibo, baina egoera larririk ez

Hiru pertsona dira PCR probetan positibo eman dutenak: 2 ikasle eta irakasle bat, denak talde berekoak. Hala ere, hirurak ondo daudela ziurtatu dute Euskaltegiko kideek, “sintomarik gabekoak dira edo sintoma arinak dituzte”. 

Irakasleek nabarmendu dute ez dituztela klaseak etengo: telematikoki arituko dira aurrerantzean. “Bideo-deiak baliatzen ditugu klaseak emateko, eta ikas materiala bidaltzen diegu ikasleei”. Eskola presentzialak eta Internet bidezkoak uztartu dituzte udal euskaltegiko kideek ikasturte honetan. “A1, A2 eta B1 mailako ikasleekin klase guztiak eman ditugu aurrez aurre, euskara maila baxuena duten ikasleak direlako”, azaldu dute, “B2 eta C1ekoekin, aldiz, txandaka aritu gara: egun batean online aritu gara, eta bestean formatu presentzialean”. 

Orain arte klase presentzialak eta online bidezkoak uztartu dituzte Euskaltegian

Modu horretan, distantzia soziala mantendu nahi izan dute. “Bestelako neurriak ere jarri ditugu: tenperatura hartzen dugu klasera sartu baino lehen eta gel hidroalkoholikoa ere baliatzen dugu”. Leihoak zabalik ematen dituzte klaseak, aire korrontea bermatzeko, baina, hala ere, ez dute koronabirus kasuak agertzea ekiditerik izan. 

Neurri prebentiboa

Irakasleek azpimarratu dute neurri hau prebentzioagatik hartu dela. “Gure asmoa da behin egoera bideratuta orain arteko formatura itzultzea, klase telematikoak eta presentzialak konbinatuta”.

Ikasturte honetan 170 ikasle inguru daude matrikulatuta udal euskaltegian, gehienak B2 eta C1 mailetan. Pandemiak pandemia, euskaltegiak ez du bere jarduna bertan behera utzi. “Martxoan klase telematikoak ematera pasa ginen. Zaila izan zen, baina orain prestatuago gaude egoerari aurre egiteko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide