Svalbardeko uharte norvegiarrean kokatuta dago "Apokalipsiaren bobeda". Ikatz meategi zahar batean, 250 metro barrena lur azpian -permafrostaren azpian hain zuzen- gordetzen dira etorkizunean, ustez, funtsezkoak izango diren hainbat elementu. Besteak beste, hazi bankua dago han, munduko landaredia berpizteko nahikoa, milioi bat ale baino gehiagorekin.
Gune desmilitarizatu horretan, dena den, "altxor" gehiago gordeko dituzte, GitHuben ondarea, besteak beste. Biltegi digitalaren 21 Tb informazio izango dituzte hor, modu analogikoan. Zehazki, filmetan inprimatu dituzte hainbat software programen kodea eta gida gehitu dute, horiek irakurri ahal izateko etorkizunean. Urtero eguneratuko dute material hori.
GitHub ez ezik, Oxford Universityk edo Internet Archivek ere parte hartu dute egitasmoan.
Laudioar baten aztarnak
Angel Abadek egindako hainbat programa lerro ere egongo dira Svalbarden. Laudioarrak ekarpenak egin ditu AWS Terraform Provider-en garapenean Git baliatuta eta 2 modulu argitaratu ditu jadanik.
Izan ere, kode irekiko software sortzaileei aldaketa guztiak kontrolatzen laguntzen die Gitek. Modu horretan, hainbat garatzailek aldi berean lan egin dezakete, norberak zer egin duen jakinda. Hainbat kopia mantentzea ahalbidetzen du Gitek, bertsio bakarra gainidatzita egon ordez.
Abadek adierazi du pozik dagoela ekimenarekin, eta aipatu du aspaldi plazaratutako Marvel Match ere egongo dela eskuragarri.