"Gurekin Erasmus + programan parte hartu duten atzerriko ikasleek Laudiora etortzeko aukera izan dezaten nahi dugu"

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 7a, 09:46

Erasmus + programan jarraitzea erabaki duten gazteak. / Aiaraldea.eus

IRENE LOPEZ (Laudio, 2003), UXUE ZABALA  (Laudio, 2003), LOHIZUNE LOPEZ  (Laudio, 2003) eta ALEX COLLADO (Laudio, 2003) pasa den ikasturteko Erasmus+ programan parte hartu zuten eta Grezia eta Polonia bisitatu zituzten. Indarrean dagoen ikasturtean, ordea, ezagutu dituzten gazteak Laudiora ekartzen saiatuko dira .

Pasa den ikasturteko “Erasmus+” programaren luzapena da orain lantzen ari zaretena. Nolakoa izan zen iazko esperientzia?

Irene: Alex eta biok Greziara joan ginen. Uxue eta Loitzune, aldiz, Poloniara. Oso esperientzia ezberdinak izan genituen.

Grezian, adibidez, hango, Portugalgo eta Poloniako lagunak egin genituen. Oso bizipen polita izan zen, Greziako hainbat toki bisitatu genituen eta lagunekin ematen genituen arratsaldeak, hizketan.

Alex: Gure hiria Atenas zen, auzo batean geunden eta beste batzuk ezagutzera jo genuen. Akropolian eta museotan ere egon ginen eta kostaldean antzinako leku oso politak bisitatu genituen. Apurturik zeuden arren, oso ondo egon zen.

Ni hartu ninduen familiak beste hiri batera ere eraman ninduenigandean, guretzako plana izan zen.

Uxue: Polonian ere oso ondo ibili ginen, baina oso ezberdina izan zen. Herri txiki batean egon ginen, 200 biztanlekoa. Denda txikia zegoen eta lekurik garrantzitsuena eliza zen. Erlijioak pisu handia dauka Polonian.

Horrez gain, inguruko herri aipagarrienak eta zenbait hiri ere ezagutu genituen, Varsovia, besteak beste.

Zuek bisita prestatu zenuten eurentzat, baina bertan behera utzi behar izan zenuten. Zuek aurreikusitako ibilbidean zein leku ziren aipagarriak?

Irene: Gernika eta Gaztelugatxe. Gaur egun Gaztelugatxe oso famatua da Game of thrones telesaioaren ondorioz, eta atzerritarrek agian ezagutzen dute horregatik. Gernika hemengo ikurra da eta historiara lotuta dago, garrantzitsua da Euskal Herrian.

"Txarto hartu genuen ekaineko bisita bertan behera utzi behar izatea, lagunak ikusteko irrikitan geunden"

Nola hartu zenuten bisita etetearen beharra?

Uxue: Txarto. Gogo handiz itxaroten ari ginen bisita, gure lagunak berriro ikusteko, baina ulertu genuen egoerak ez zuela ahalbidetzen. Gero esan ziguten agian irailean egingo genuela, pandemia hobetuta.

Loitzune: Une horretan uste genuen denbora egongo zela eurak etortzeko. Azken finean, pena ematen digu gu hara joan izana eta eurek aukera bera ez izatea; gu eta gure herria ezagutzeko, gu ikusteko... Alde hori garrantzitsua da eta galdu dute.

Irene: Gainera, gure kasuan, Alex eta biok lehenengoak izan ginen bidaiatzen, Uxue eta Loitzune bigarrenak Poloniara eta hirugarren txangoa egon zen Portugalera. Aintzat hartu behar da gure bisitak urtebete lehenago izan zirela, baina Portugalera joan zirenentzat 3 hilabete lehenago izan zen, eta eurentzat albiste are txarragoa izan zen.

Zergatik luzatu da programa ikasturte honetan ere?

Uxue: Proiektuaren helburua da kultura ezagutzea, ez soilik bidaia. Egoera honetan ezin genuen gure xedea bete eta horregatik Europar Batasunak urtebete gehiago eman digu, osatzeko.

Ikasle guztiek ez duzue errepikatu, baina zuek bai, zergatik?

Alex: Nire kasuan, hemengoa naiz, baina Laudio ez dut historikoki edo kulturalki ezagutzen, eta ekimen honi esker ikasi dut. Oso aberasgarria izan da.

"Eramus+ programari esker gure herria hobeto ezagutzen ari gara historikoki eta kulturalki"

Loitzune: Hainbat gauza egin ditugu eta horri esker ikasi dugu ohikoan lantzen ez duguna. Aukera da herria ezagutzeko.

Uxue: Gure herrialdeari buruz ez ezik, beste herriei buruz ere asko ikasi dut eta pena ematen dit proiektua uzteak. Egia da herrialde bakoitzeko kulturak eta ohiturak oso bestelakoak direla, baina, aldi berean, hainbat ezaugarri partekatzen dituzte.

Irene: Nik duela 3 edo 4 urte beste Erasmus proiektu batean hartu nuen parte eta beste neska bat etorri zen nire etxera, Herbeheretakoa.

Aipatu zidatenean beste proiektu bat zegoela, batzea erabaki nuen, atzerrira joateko eta jende, hizkuntza eta kultura berriak ezagutzeko.

Ez zait bidezkoa iruditzen besteek nik izan dudan aukera ez izatea. Ni beste baten etxera joan naiz eta uste dut bera ere nirera etorri behar dela. Horregatik jarraitu dut, parada bera izan dezan. Niretzat garrantzitsua izan da bizitakoa eta espero dut eurentzat ere izatea gu bisitatzea.

Aurten, ordea, Batxilergoaren 2. ikasturtean zaudete eta hautaproba izango duzue. Zer suposatzen du zuentzat Erasmus + proiektuan jarraitzeak?

Uxue: Guretzat zailagoa da, ezin dugulako %100ean egon proiektuan, baina saiatzen gara ahal dugun gauza txikietan laguntzen. Azkenean, urtebetez egon gara lan egiten eta nik, behintzat, ez dut proiektua alde batera utzi nahi. 

Loitzune: Hilabete hauetan komikia edo bideoa egin behar dugu, azaltzeko nola aldatu den egoera ikastetxean; higienea, maskara, edukiera...

Abuztuan amaituko da proiektua. Zein izango da zuentzat erronkarik handiena?

Irene: Iaz prestatutako plana aldatuko da pandemia egoeraren ondorioz eta pentsatu beharko dugu, eurak etorriz gero, zer mantendu eta zer baztertu. Adibidez, gure ideia zen jolasak egitea herria ezagutzeko edo bisitak egitea, baina edukierak murriztuta daude. Edonola ere, itxialdiak iraun bitartean, ez diogu lan egiteari utzi eta Uxue eta biok, adibidez, bideodeiak egin ditugu. Piotr izeneko mutil baten etxean eta egon zen Uxue eta berarekin egon gara harremanetan, baita Grezia eta Portugaleko neskekin ere.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide