Ostiral gauean itxi zituzten ateak eskualdeko taberna gehienek. "Batzuk ez dira berriro altxatuko", azpimarratu dute zenbait ostalarik. Horietako bat da Laudioko Arkupe taberna, Herriko plazan kokatua. "Hirugarren mundu gerraren aurrean gaude. Oraingoan ez dago lubakirik, ez bonbarik, ez borrokarako gurdirik. Arma bat, birus bat. Eta zalantzarik gabe, biktima asko, milaka kutsatu eta, zoritxarrez, hildako asko", zehaztu dute sare sozialetan.
Kaltetu asko
"Hirugarren mundu gerraren aurrean gaude. Oraingoan ez dago lubakirik, ez bonbarik. Arma bat, birus bat. Eta zalantzarik gabe, biktima asko, milaka kutsatu eta, zoritxarrez, hildako asko"
Emozio eta egoera berezien lekuko ere izan dira tabernak, gogora ekarri dutenez: kirol partidak, festak... "Tabernak, baina, lanpostu asko mugitzen ditu: zerbitzariak, sukaldariak, garbitzaileak... baina baita laneko eta fiskaltzako aholkulariak, edarien eta janarien hornitzaileak, aseguruak, ostalaritzako materiala ematen duten enpresak, makineria-enpresak, informatikariak eta abar ere. Ostalaritzaren atzean asko daude inplikatuta", ohartarazi dute.
"Abandonatuta sentitzen gara erakundeen aldetik", salatu dute, "establezimendu bakoitza gure giza paisaiaren parte da, eta pena litzateke galtzea".
Azaroaren 7an pertsianak jaitsita esnatu ziren Aiaraldeko tabernak, koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz.
Mobilizazioak bihar
Arestian aipatutako guztia dela eta, mobilizatzeko deia luzatu dute ostalariek. Elkarretaratzeak egingo dituzte bihar -azaroak 11- Laudioko Herriko eta Amurrioko Juan Urrutia plazetan, 12:00etan. Urduñan larunbatean egin zuten manifestazioa.