Ibilbide oparoa egin du Diego Martin-Etxebarria amurrioarrak musika zuzendari gisa. Opera asko zuzendu ditu Alemanian, eta munduko orkestra askorekin aritzera gonbidatu dute. Aitortza ugari ere jaso ditu, Tokiko Orkestra Zuzendaritza Lehiaketako lehen saria kasu.
Orain, aldiz, mugarri berri bat jarri du bere ibilbidean, diskoa plazaratu baitu Bartzelonako Orkestra Sinfonikoarekin. El lament de la terra da lanaren izenburua eta Albert Guinovart musikariaren konposizioak biltzen ditu.
Duela ia urtebete grabatu zuten lana Bartzelonako Auditorioan. Planeta eta ingurumena zaintzearen garrantzia ditu hizpide diskoak. Sony Classical zigiluak argitaratu du eta entzungai dago musika plataforma nagusietan.