Bere azken liburua aurkeztuko du Mikel Ayllonek bihar -abenduak 3- Aretako Kultur etxean, 18:30ean. Idazle laudioarrak Elkar argitaletxearekin plazaratu du 'Zoriontsuak izatea aukeratu genuen' lana. Euskaraldiaren egitarauaren barruko ekintza izango da aurkezpena eta “emanaldi sorpresa” ere egongo da. Parte hartzeko beharrezkoa izango da areta.euskaraldia@ni.eus helbidera idaztea.
Sei ipuineko bilduma da liburua, Ayllonek azaldu duenez: "Pertsonaia guztiak oso ezberdinak dira, baina guztiek komunean dute zoriontsu izateko nahia. Horretarako bide bat aukeratuko dute, espero ez dena askotan. Normaltasunetik aterako dira zoriontsu izateko".
Jende askok izena eman du dagoeneko. Horregatik, "bigarren pase bat" eskainiko du, 19:45ean, idazleak berak sare sozialetan jakinarazi duenez:
Lehenengo pasea bete dugu, baina bada oraindik lekuren bat bigarrenean (19:45).
— mikel ayllon (@maikoxki) December 2, 2020
Jeanette Winterson, Samanta Schweblin, normaltasuna eta zoriona.
Hori dena, eta ezusteko hegaldi bat, zirraraz betea.
Bihar. Etxean. pic.twitter.com/6IltMD7VxX