Duela bi aste Donostiako Kutxa Saria irabazi zenuen eta iragan ostiralean aitortza berria eman zizuten, zein?
Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketarena. Getxoko Udalak eta Pinillesca elkarteak antolatzen dute. Epaimahaikideak Arantxa Urretabizkaia, Juan Kruz Igerabide eta Txani Rodriguez izan ziren.
Saria 6.000 euro dira, eta beste 1.000 euroko diru-laguntza testua plazaratzen duen argitaletxearentzat.
Zer kontatzen du eleberri motz honek?
Garai baten gainbehera. Hiri baten aldirietan dago kokatuta, langile auzo batean, edo, behintzat, hori izandako toki batean. Fabrika handia dago bertan eta apurka-apurka auzunea husten ari dira eta lantegia ere ixteko puntuan dago.
Protagonista neska gazte bat da, umea den unetik abiatuta. Hazten doan neurrian sumatzen du auzoak itxura aldatzen duela uda guztietan, zirkua doalako. Zabalgunea dago eta bertan jartzen dute karpa.
Bere begietatik bizi du industriaren gainbehera eta zirkua ere pikutara joaten dela. Bera ere inplikatuko da zirkua berriro irekitzeko ahaleginean, artistekin elkartuta.
“Hiri baten aldirietan dago kokatuta eleberria, langile auzo batean, edo, behintzat, hori izandako toki batean”
Zein da islatu nahi izan dituzun gatazkak?
Gatazka da nola atera gainbehera datorren mundu zahar horretatik, zer egin. Badago eredu zurruna, fabrikako langileena: itxierari aurre egiten diote, hasieran mobilizazio handiekin eta gero eta urriagoekin, harik eta dena desagertzen den arte.
Zirkuko artistek, hasieran, tentazio hori daukate, baina umearen aita lantegiko ekintzailea izan zen eta berak egindako guztia gorrotatzen du, nerabea delako garai horretan.
Horren ordez, beste bide bat hartzea proposatzen die, protestan ez geratzeko, baizik eta urrats bat gehiago ematea eta benetan nahi dutena gauzatzea. Zirkua irekitzea, alegia.
Badauka zerikusia Ez tiro egin anbulantziei eleberriarekin? Hor ere gainbehera irudikatzen zen.
Urrats naturala da. Liburu hartan hiltzen ari den mundua dago, jaiotzen ez den mundu berria, ezinegona, noraeza...
Kasu honetan erantzun saiakera dago, bide bat. Garrantzia eman nahi nion horri, bideari. Beharbada hirugarren eleberri batean emaitzetan zentratuko naiz, baina kasu honetan axola zidan zein erabaki hartzen zituzten pertsonaiek.
“Azaroaren 7rako argitaratua egongo da ipuin bilduma, Elkar argitaletxearekin”
Donostia Hiriko Kutxa Sarian eta Gasteizko Antzerki Jaialdian aurkeztuko duzuen lanean, ordea, zoriontasunaren bilaketa da ardatza.
Bai. Donostia Hiriko Kutxa Saria irabazi duen lana sei ipuineko bilduma da: Zoriontsuak izatea aukeratu genuen.
Pertsonaia guztiak oso ezberdinak dira, baina guztiek komunean dute zoriontsu izateko nahia. Horretarako bide bat aukeratuko dute, espero ez dena askotan. Normaltasunetik aterako dira zoriontsu izateko.
Horrek ez du esan nahi emaitza ona izango denik. Hor zoriontasun iraunkor baten aldeko deia. Saltzen diguten zoriontasun irribartsu hori, beti goian egotea behar duena, jasanezina baita. Badago bestelako zoriontasuna suposatzen duena beti irribartsu ez egotea edo dena ederra izatea.
Gasteizen aukeratu ziguten gidoia ipuin horietako batean oinarrituta idatzi nuen. Lotura dago eta ilusioa egiten dit, ipuin horietako bat hiru dimentsiotan ikusiko baitut.
Zein izango da ipuin bildumaren etorkizuna?
Elkarrek argitaratuko du. Azaroaren 7an gala egingo dute Donostiko Victoria Eugenia Antzokian sariak banatzeko, eta egun horretarako kalean egongo da. Orain ari gara editoreekin lanean.
Beste lan bat duzu labean, gainera.
Bai, urte hasieran Antzerkigintza Berriak deitutako programan aukeratu ninduten eta pandemiaren ondorioz atzeratzen joan da. Uztailean berriro abiatu genuen eta Donostia 2016ra lotuta dago, nahiz eta EAEko hiru hiriburuetako antzoki nagusiak atzean izan; Arriaga, Principal eta Victoria Eugenia.
Programa horretan 8 lagun aukeratu dituzte eta hiru topaketa egingo ditugu, antzoki bakoitzean bat. Topaketa horietako gidariak Mireia Gabilondo eta Patxo Telleria dira.
Pertsona bakoitzak gidoi ideia bat dauka eta tailer horietan landu egiten dira. Azaroan antzokiek gidoi bat hautatuko dute eta ekoiztu eta estreinatuko dute. Zaila izango da, beste parte-hartzaileak antzerki mundukoak direlako, baina aukera oso ona da. Gainera, ni naiz euskaraz egiten duen bakarra.
Edonola ere, idazketa ariketa bakartia da eta programa honek aukera ematen du beste antzerkigile batzuekin aritzeko. Hori lagungarria da prozesuan, eta emaitza edozein dela ere, gidoi amaitua geratuko da.
“Antzerkian gogoko dut gidoia idaztea eta taularatzean nolabait inplikatzea. Hori dut gustuko, ez dela bakarrik idazketa, beste buelta bat ematen zaiola testuari”
Zenbat denbora behar izan duzu lan bakoitza egiteko?
Lehenagotik idatzita nuena zen Getxokoa, Hanka hautsiak. Hori hasi nintzen idazten aurreko nobela bukatu nuenean, 2015ean, baina nahiko alferra naiz. Ondo pasa nuen idazten, baina ez nintzen egunero horretara jartzen. Prozesu oso luzea izan zen.
Obra bat noiz amaitzen den esatea nahiko zaila da, beti zaude bueltak ematen eta itzultzen. Azkenean, lau urte eman nituen, pixkanaka idazten. Bitarte horretan, 2018an, Eusko Jaurlaritzak ematen duen sormenerako laguntza lortu nuen ipuin horietako batzuk idazteko. Epemuga zegoenez, urtebetean idatzi nituen gehienak.
Etorkizunean antzerkigintzan zentratuko zara?
Antzerkigintzan oso pozik nago. Beti izan naiz ekintzazalea. Gogoko dut gidoia idaztea eta taularatzean nolabait inplikatzea. Aurrekoan, Takoidun zapata gorria obran, antzezle lanak egin nituen eta oraingo honetan gehiago nabil produktore arduretan. Antzerkigintzan hori dut gustuko, ez dela bakarrik idazketa, beste buelta ematen zaiola testuari, zuzendari batekin aritzea, zelan gorpuzten dituen ikusten, aktoreek nola bizi duten testua...
Ez da erraza, are gehiago garai hauetan, antzezlana prestatzea, dirua behar delako eta laguntzen menpe zaudelako, baina ekintza plus hori ondo dago. Saiakera egin nahi dut.
Etorkizunari buruz asko mintzatu gara, baina zein da plana lortutakoa gozatzeko?
Alde batetik, azaroan Donostia Hiriko Sari banaketaren gala dago, eta niretzat garrantzitsuena da liburua kaleratuko dela. Hori dela eta bultza egitea egokituko zait, promozioa egitea eta han eta hemen zabaltzea. Garai aldrebesak dira eta Durangoko Azoka halamoduzkoa izango da aurten. Helburua da irakurlearengana iristea, zerbait idazten duzunean hori delako nahi duzuna.
Gainera, beste eleberrirako ere argitaletxea bilatu beharko dut. Lan zaila izango da, baliabide gutxi dagoelako. Borrokatuko naiz urtea bukatu arte, ea hurrengo urterako liburuak argitaletxea duen. Atsedenerako, momentuz, tarte gutxi.
Esan dezakegu gainbeheraren erdian zoriontasunaren bila egin duzun bilaketa oparoa izan dela?
Anekdota bat da. Ez dut esango lan egitearen eta ahaleginaren emaitza denik, diskurtso hori ez dudalako gogoko. Gaur hemen nago lehiaketa batzuk irabazi ditudalako, baina beste hainbat galdu ditut, eta orduan inork ez zaitu hedabideetan ateratzen, logikoa den bezala.
Lehiaketen kontra ez dakit diskurtsoa egin dezakedan, baina argi dago ez dela sistema onena. Kirolean agian bai, baina kulturaren esparruan ez dauka zentzu handirik pentsatzea gauza bat bestea baino hobea dela. Lehiaketa horietan hainbat ipuin aurkeztu dira, eta ez du esan nahi nirea hobea denik. Argi dago nireak zerbait duela, epaimahaikideek aukeratu dutelako, baina nola jakin zer den hobea?
Zortea beharrezkoa da, eta izan dut. Orain egokitu zait, baina agian hemendik 5 urtera ez nauzu egunkarian aurkituko. Beharbada beste 20 lehiaketa galdu ditut edo ez naiz aurkeztu. Izan ere, zintzoki, artista bezala, nik nahiago nuke lehiaketetan aurkeztu behar ez izatea eta aukera izatea zuzenean liburuak argitaratzeko edo antzezlanak zuzenean taularatzeko. Baina orain arte ez dut izan. Irabazten duzunean pozgarria da, baina galtzen duzunean, kolpea ere bada.