Kantauriko Urkidetzaren disoluzioaren aurka azaldu da Omnia

Aimar Gutierrez Bidarte 2020ko abe. 9a, 18:26

Maroñoko urtegia kudeatzen du Kantauriko Urkidetzak. / Ruben Ladron de Gebara

Udal taldea oso kritiko azaldu da Kantauriko Urkidetza ur-partzuergoa desegiteko erabakiarekin. "Laudio Gasteizen itzalpean" geratuko dela salatu dute.

Omniak oharra plazaratu du eskualdeko herriak Arabako Urbide ur-partzuergora batzeko hartutako erabakiaren gaineko kezkak adierazteko. Omniaren esanetan, 9 urteko ibilbidean Laudioko Udalean jorratu den gairik garrantzitsuena izan da ur-partzuergoaren gaineko eztabaida eta oso kritiko azaldu da EAJk, PSEk eta Arabako Foru Aldundiak hartutako erabakiarekin.

Kantauriko Urkidetzaren disoluzioak Laudio uraren kudeaketaren gaineko inolako eskumenik gabe uzten duela salatu dute. Gainera, ur-partzuergo berrian Laudiok izango duen ordezkaritza asko murriztuko da, udal taldearen arabera: "Kantauriko Urkidetza ur-partzuergoan %5eko ordezkaritza du Aldundiak, Laudiok, berriz, %45koa, partzuergo berrian Arabako Foru Aldundiak %33ko ordezkaritza izango du eta Laudiok, aldiz, gutxiengo ordezkaritza".

Halaber, alderdi laudioarrak gogor kritikatu du azken urteetan Arabako udalerri bakar baten urak ere kudeatu ez dituen Urbide partzuergoan milioi bat euro baino gehiago inbertitu izana.

Informazio falta

Horrez gain, CAKUren disoluzioaren inguruan egondako gardentasun falta salatu du Omniak. Azaldu dutenez, partzuergoaren asanbladako kideek ez zekiten erakundea disolbatzeko lanak abian zeudela. Diputazioa "xantaia" egiten ari da, Omniaren iritziz: "Laudio erakundera batu ezean bere kabuz kudeatu beharko luke araztegia eta horrek tasak bost aldiz biderkatzea ekarriko luke".

Ezohiko batzarra

Bihar, abenduak 10, Kantauriko Urkidetzaren etorkizuna ebazteko ezohiko batzarra egingo dute. Omnia tokiko kudeaketa baten aldeko apustuan berretsi da, Laudioko arro hidrografikoaren berezitasunak eta ezaugarriak kontuan hartuko dituena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide