Lan baldintza eta hitzarmen duinak eskatzeko bildu dira gaurko protestan Envases Metalúrgicos lantegiko zenbait behargin. Ordubeteko lanuztea deitu dute horretarako, eta faktoriaren atarian elkartu dira. Hala, aurrerantzean emango dituzten pausoak iragarri dituzte.
Mobilizazio gehiago
Datorren astelehenean -abenduaren 21ean- eta urtarrilaren 7an lanuzteekin jarraituko dute, eta urtarrilaren 18an mobilizazio eguna deituko dute.
Atzo zabaldu zuten prentsa oharra gatazkaren berri emateko. Hiru eskakizun jarri dituzte mahaigainean:
- Bidezkoa izango den sailkapen profesionalerako sistema arautzea, behin trebakuntza aldiak pasatuta egiten diren lanen aitortza edukitzeko.
- Izoztu egin zuten eta 2013ko abenduaren 31tik aurrera egindako kontratazioei kendu zitzaien antzinatasun plusa berreskuratzea.
- ABLE bidezko gehienezko kontratazio aldiak arautzea eta aldi-baterako kontratuekin (enpresarenak zein ABLE bidezkoak) zenbait urte daramatzaten langileak finkoak bihurtzea.
LAB sindikatua da ordezkari bakarra uneotan Enpresa Batzordean.