"Udalak ez du Laudioko Mugimendu Feministari espaziorik uzteko asmorik"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abe. 22a, 09:19

Laudioko Mugimendu Feministako kideak, agerraldian. / LMF

Laudioko Mugimendu Feministak prentsa oharra zabaldu du, Udalak jarritako oztopoak salatzeko.

"Laudioko Udalak ez du  Mugimendu Feministari espaziorik uzteko asmorik". Hala adierazi du eragile feministak, agerraldi baten bidez. Oparotzat dute feminismoak herrian egindako bidea: "Behetik, lan boluntarioz eta gure arteko elkarlan eta zaintzaren bitartez indartu da mugimendua". Horren adierazletzat hartu dituzte martxoaren 8ko ekimenak edota urtean zehar eginiko beste zenbait deialdi. 

Dena den, Laudioko Udalaren aldetik babes eza izan da nagusi, kolektiboaren ustetan: "Instituzioek egiten duten lanez gain, jasaten ditugun erasoei erantzuteko mugimendu indartsu eta parte hartzaile baten beharra dago. Biak ala biak direlako beharrezko eta aldi berean osagarri; administrazioak eta mugimendua, paper ezberdina betetzen baitugu borroka feministan".

Alabaina, 2 urte daramatzate saretu eta antolatzeko espazioa eskatzen, "eta etengabe ukatu zaigu eragile gisa lokal bat edukitzea. Mugimendu Feminista eta udal gobernuaren azkeneko hartu emanean gure lana beharrezkoa ez dela esan zitzaigun, instituzioek gaitasuna baitute jada emakumeon* behar guztiak asetzeko zein herri feminista bermatzeko".

Mugimendu Feministak gogor kritikatu du tokiko erakundearen jarrera, euren lana ahantzi gabe: "Nahiz eta berdintasun sailak bere lana egin, honek ez du tresna ezta baliabide nahikorik benetako parekidetasuna bermatzeko gure herrian. Emakume eta gorputz disidenteen egoera zaildu egin da eta honen aurrean erantzun bat zor zaigu, 'pazientzia' eskatzetik harago doana".

Mugimendu Feministaren aburuz, ezin zaie leporatu irtenbideak bilatu ez izana: "Denari aurre egiten saiatu gara, baina Laudion espazio egonkorra behar dugu Mugimendu Feminista mamitzen jarraitzeko. Ulertu dugu, ordea, erantzuna: Laudioko Udalak ez du Mugimendu Feministari aurrera egiteko espazio bat errazteko asmorik".

Horregatik, aurrerantzean ere, feminismoa hedatzen jarraitzeko asmoa berretsi dute: "Gure indar eta konbikzioz jarraituko dugu borroka herritik, feministontzat eta feministon artean egiten. Onartuko ez duguna da, baina, udal feminista dugula esatea". 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide