KULTURKON

“Gure ustez, parkeko eta inguruko kultura-jarduera ez da inolaz ere gelditu behar”

Aimar Gutierrez Bidarte 2020ko abe. 28a, 16:00

Hainbat jarduera pilotu antolatu zituzten KULTURKON jardunaldietan Kultur Etxeko espazio desberdinetan. / KULTURKON

2023ra arte Kultur Etxea itxita mantentzearen erabakiaren aurka azaldu dira SOS Lamuza Parkea eta Laudioko Kultur Batzarretik eratorritako KULTURKON jardunaldietako antolatzaileak, “trantsizio-arkitekturaren” aldeko apustua eginez. Parte hartze prozesua abiatzea eskatu dute, espazioaren erabilerak eta beharrak definitzeko.

Laudioko Kultur Etxeak ez ditu 2023. urtera arte zabalduko ateak. Hala ebatzi du berriki Laudioko Udalak; Arabako Foru Aldundiak eraikinaren entrega egin arte kultur jarduerak ez dira Lamuza Parkeko jauregian egingo.

Egoera honen aurrean oharra kaleratu dute SOS Lamuza Parkea eta Laudioko Kultur Batzarretik eratorritako KULTURKON jardunaldietako antolakuntzan aritutako kideek. Pertsona hauen iritziz, Kultur Etxearen itxierak kultura “egoera prekarioan” utziko du eta, kontrara, ahalik eta espazio gehien zabalik mantentzea eskatu dute, obrek aurrera egin ahala.

Trantsizio arkitektura

Euskal Herriko eta Europako beste hainbat espazioaren adibidea jarri dute mahaigainean eragileek, non trantsizioan dauden espazioetan (obrak edo birgaitze prozesuak direla eta) kultur-proiektuak garatzen jarraitzen duten. Gasteizko katedraleko bisita gidatuak jarri dituzte horren adibidetzat.

Bide berdinetik jarraituz, eredu hori Laudioko Kultura Etxeko obretara ekartzea eskatu dute KULTURKONeko kideek. Finean, Lamuzako eraikin multzoan faseka esku hartzeko aukera aztertzea eta inguruan behin-behineko erabilerak dituzten eraikinak eraikitzea proposatu dute, kultur jarduerak eten ez daitezen.

Parte-hartze prozesua

Bi taldeek adierazi dute erakunde eta elkarteen arteko lankidetza oso urria izan dela, Laudioko kultur elkarteak dozenaka urtez zain egon ondoren, 2015ean lanak hasi zirenetik. Kultur eragileen esanetan, “gauzak presaka egin dira” eta Kasinoko eta Frontoi Etxeko birgaitze prozesuak ez dira behar bezala egin.

Erabilerak eta beharrak definitzeko “ezinbesteko” prozesu parte hartzaile bat abiatzea proposatu diete Aldundiari eta udalari: “Oraingoan bai, gauzak ondo egiteko”. Laudiok goi-mailako etorkizuneko kultura-proiektu bat garatzea dute helburu bi taldeek.

KULTURKON osatzen duten kideak prest azaldu dira elkarlanean aritu eta ekarpenak mahai-gainean jartzeko, bai eta lankidetza-dinamika berrietan murgiltzeko ere, “beti ere helburua Laudioren etorkizuneko kultur-eredu parte-hartzaile berri eta moderno bat bultzatzea bada".

KULTURKON jardunaldiak

SOS Parkeak eta Laudioko Kultur batzarrak KULTURKON jardunaldiak antolatu zituzten 2018an eta 2019an, Laudiorentzat interesgarri ziren kultur proiektu eta azpiegiturak ezagutzeko helburuarekin, bai eta hainbat espazioetan jarduera pilotuak bultzatzeko ere, gerora gune horietan burutu zitezkeen jarduerak definitzeko. Hauek izan ziren programaren ondorio nagusiak: epe laburreko 8 neurri eta 5 ardatz estrategiko garatzea eta Lamuza Parkean, Lamuza Plazan, eta Bizkaia kaleko orubeetan 15 urteetan kultura azpiegituretarako 3 programa osatzea.

Proposamen hauek mahai-gainean jartzea eta lantzea da KULTURKONen asmoa, "baina udal-agendak eta pandemiak urte bete baino gehiagoz atzeratu du udalarekin bilera bat egiteko konpromisoa".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide