"Urarekin trafikatzea" leporatu dio Omniak Arabako Foru Aldundiari

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 14a, 10:54
Ohar baten bidez adierazi du Omniak ur-partzuergoaren desegitearen gaineko iritzia. / Aiaraldea.eus

Oharra kaleratu du Omnia alderdi laudioarrak, Kantauriko Urkidetza ur-partzuergoaren desegitearen gaineko iritzia azaltzeko.

Kritiken artean, abenduaren 10ean desegin zen Kantauriko Urkidetza ur-partzuergoa, asanblada orokorrean horrela ebatzi ostean. Orain, desegite prozesuaren balorazioa egin du Omniak: "Arabako Foru Aldundiaren xantaia izan da".

"Urte asko generamatzan araztegien zain, eta helburura heltzear geundenean EAJk eta PSEk Aiarako udalerri guztiak behartu dituzte inongo egiturarik ez duen partzuergo batean sartzera", azaldu dute alderdi laudioarreko kideek.

"Atsekabez" bizi dute egoera. Udal taldearen iritziz, Laudioko urak kudeatzeko beste eredu bat garatu zitekeen, lehentasunak tokian toki zehaztuta. Gaineratu dute tokiko eredua dela, hain zuzen, Europako Batzordetik bultzatzen ari dena: "ur kudeaketa udalen eskumena izatea".

Kantauriko Urkidetzaren desegiteak, ordea, Arabako Foru Aldundiaren esku uzten du Aiaraldeko uren gaineko kontrola, URBIDE partzuergoaren bidez. "Erabaki honekin eskualdeko uren kudeaketa Añanako kuadrillara lekualdatu dute, gugandik 50 kilometrotara. Zentzugabea da, arro hidrografiko bakoitzak berezitasun propioak baititu".

Irregulartasunak prozesuan

Omniak salatu du Kantauriko urkidetzaren desegitea ez zela "garbia" izan, hainbat irregulartasun egon baitira, udal taldearen iritziz. Hasteko, azaldu dute ez zegoela argi zeintzuk ziren partzuergoan indarrean zeuden estatutuak. Izan ere, 2018an hauek berrikusteko prozesua gelditu zuen Laudioko Udalak zenbait irregulartasun zeudela ondorioztatu ostean. 2020ko urrian, ordea, EAJk eta PSEk Laudioko Udaleko gehiengoa baliatu zuten auzibide judizial hori gelditu eta, ondorioz, estatutu berriak ezartzeko.

Disoluzioaren bozketa egoera nahasi horretan gertatu zela azaladu du Omniak. Estatutuetan jasotako araudiari jarraiki, bozen bi heren beharko ziren desegitea gauzatzeko, baina abenduaren 10eko asanbladan bozen %54arekin atera zen aurrera erabakia, alderdiak salatu duenez.

Gaineratu dutenez, arauen arabera, partzuergoko entitateen %10 desegitearen alde agertu behar ziren. "Hori batzar administratiboen aldeko iritziarekin gertatu zitekeen soilik eta asanbladan argi geratu zen batzar administratiboek ez zutela disoluzioa eskatu".

Gauzak hala, Omniak ondorioztatu du prozesua presaz eta informazio falta handiarekin egin dela. 

Laudioarrek partzuergoaren desegite prozesuaren nolakotasunaren berri izatea garrantzitsutzat jo du taldeak. "Jakin dezatela gure udalerrian badirela herritarren alde egiten ez duten pertsonak, uneoro jokatzen dutenak Gasteizera begira dauden alderdi politikoen eta Aldundiaren alde".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide