Kultur Etxea zatika irekitzea proposatu du Omniak

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urt. 22a, 07:00
Omniako kideak, artxibo irudi batean. / Omnia

Eraikin publiko birgaituen gabezia handia dagoela nabarmendu du eragile laudioarrak.

Omnia ere lerrokatu da Kultur Etxea 2023. urtera arte ixtearen erabakiaren aurka. Laudioko kultura "hari batetik zintzilik" dagoela uste dute alderdiko kideek. Euren iritziz, Kultur Etxearen birgaitze lanek agerian utzi dute herrian azpiegitura erabilgarrien gabezia, eta horren erantzukizuna herrian gobernatzen egon diren taldeena da, urtetan zehar pilatu egin direlako obrak behar dituzten eraikin publikoak. "Argi geratu da, batzuentzat zein besteentzat, udal eraikinak egoera onean izatea ez dela lehentasuna izan; eta, orain, pandemia baten erdian, gabeziak agerian geratu dira".

Omniaren hitzetan, beharrezkoa da COVID-19aren aurkako neurriak hartzea, baina horrek ez du kultur jarduera guztiak gelditzea ekarri behar. Oposizioko taldeak iradoki du udal-gobernurentzat oso aproposa izan daitekeela Kultur etxe berritua 2023. urtean inauguratzea, baina gaineratu du kaltea nabarmena izan daitekeela erabiltzaileentzat. 

Horregatik, obren bigarren fasea zatika egitea proposatu dute, Kultur Etxearen guneak atondu heinean ireki daitezen.

Espazio hori Laudioko kulturaren "erdigunea" dela nabarmendu dute. Horregatik, gobernu-taldearen eta Aldundiaren mugimenduei "adi" egongo direla ohartarazi dute, elkarteen beharrak betetzea bermatzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide