Noiz eta zergatik egin zenuen alde Brasiletik?
2004an etorri nintzen, bizi kalitatea hobetzeko. Segurtasuna eta egonkortasuna bilatzen nuen, eta familia laguntzeko dirua. Horregatik egin nuen alde. 24 urte nituen orduan, gaur egun 40 baditut ere.
Zer utzi duzu han?
Gurasoak eta 5 ahizpa-neba. Nire kezka nagusiena familiarentzat dirua lortzea izan da beti. Zortekoa izan naiz, ordea. Nik alde egin eta gutxira hartu zuen erretiroa aitak, eta ondorioz, lanarekiko ardura txikitu zait; niretzat egiten dut lan orain.
Nolatan aukeratu zenuen bizitzeko Euskal Herria?
Portugal izan zen nire lehenbiziko geltokia, osaba bat bizi zen bertan eta. Alabaina, mutil bat ezagutu nuen eta maitemindu egin nintzen. Horrela iritsi nintzen Irunera (Gipuzkoa), eta handik Sodupera (Bizkaia) mugitu ginen gero. Bertan jaio zen gure umea, nahiz eta gaur egun Laudion bizi.
Bizimodua asko aldatu zaizu geroztik?
Brasilen dendaria nintzen. Hirian bizi nintzen, nire familia herri txiki batekoa bada ere. Txiki geratu zitzaidan herria, eta hirira alde egin nuen. Irabazten nuen apurrarekin ezin nintzen handik atera, eta gehiago behar nuela sentitzen nuen. Horregatik, hegaldia hartzea erabaki nuen.
Brasilera itzultzeko asmorik duzu?
Ez, ziur nago: hemen geratu nahi dut. Gauza polit asko egiten dira han, herrialde tropikala da. Inauterietako giroak jende asko erakartzen badu ere, edertasun handia du Brasilek. Minas Gerais ingurukoa naiz ni, eta tamalez ez dut lurralde osoa ezagutzen.
"Telebistan Brasilen alde ona soilik ikusten dugu: inauteriak, futbola... Errealitatea bestelakoa da: pobrezia handia dago"
Telebistan azaltzen den bezalakoa al da Brasil?
Telebistan Brasilen alde ona soilik ikusten dugu: inauteriak, futbola... Errealitatea, ordea, bestelakoa da: jendea aberatsa edo txiroa da, ez dago erdibiderik. Pobrezia handia dago, eta ez dago inolako segurtasun ez osasun zerbitzu publikorik. Hori da Brasilera ez itzultzeko nire arrazoi nagusietako bat.
Segurtasun ezaz mintzo zara. Bortxaketak, lapurretak... eguneroko ogia dira?
Bai. Ezinezkoa da han mendira joatea, edo gauez bakarrik ateratzea. Aukera asko dituzu bidean hiltzeko.
Zer suposatzen du Brasilen emakume izateak?
Gizonezkoak oso matxistak dira, gehienak. Emakumeok ez dugu hemen adina askatasun. Hemen arropa laburrarekin bazoaz, ez zaituzte jazartzen; Brasilen bai. Ohikoa da kalean emakumeei eskua gorputzean sartzea, hemen errespetu handiagoz jokatzen da.
"Brasilen ohikoa da kalean emakumeei gorputzean eskua sartzea. Hemen errespetu handiagoarekin jokatzen da"
Etorkina eta emakumea izatea zailtasun bikoitza al da hemengo bizimodura egokitzeko?
Hasiera ez da inolaz erraza. Hizkuntza ikasi behar da, hasteko. Kultura ere zeharo desberdina da. Parean topatzen duzun pertsonaren arabera, umiliazio asko jasan behar dituzu. Denborarekin, baina, kulturara egokitzen zara, eta halako egoerei nola aurre egin ikasten duzu. Nire ustez, denok gara berdinak. Edozelan ere, dudarik gabe, hizkuntza izan da niretzat zailtasunik handiena, ezagutu ezik ezin baita lana lortu.
Brasildar ugari dago Aiaraldean. Baduzue zuen artean harremanik edo geratzeko ohiturarik?
Bai, asko gaude. Ahal dugunean geratu egiten gara elkarren berri izateko, nahiz eta COVID-19 birusarekin zaildu. Horrela herrimina kentzen dugu.
Zer du berezia Brasilek, ezagutzen ez duenarentzat?
Klima, giroa... Hemen hotz handia egiten du, han bero asko. Brasilen oso ondo jaten da, baina hemen ere bai. Akaso, Euskal Herrian osasuntsuago jaten duzue.
Farofa da niretzat hango jaki gogokoena, yuka irinarekin egiten den nahasketa bat da, denetarik sar dakioke: platano heldu frijitua, azenaorioa, arraultza frijitua, mahaspasak... Meategiko gazta ere oso berezia da, hemengoarekin antza zipitzik ez duen arren.
Nik batez ere giroa botatzen dut faltan: ur jausiak, barbakoak... Ohitura handia dugu horretarako. Dena den, hemengo segurtasuna gehiago baloratzen dut, baita osasun sistema ere. Laudion ume bat kalean egon daiteke lasai-lasai jolasean, han oso adi egon behar du gurasoak uneoro.
Zerk harritu zaitu gehien Euskal Herritik?
Hotzak. 15-16 urte daramatzat hemen eta ez naiz ohitzen.
Etorkizunari begira, zein da zure amets edo erronka?
Nire etxe propioa izatea, baina ez badut lortzen ahalik eta ondoen bizi nahiko nuke. Bestalde, nire semeak ikastea eta unibertsitatera joatea gustatuko litzaidake, nik ez dudalako aukerarik izan.