Beste bat. Azkena.
Beti esaten diozu gauza bera zeure buruari. Beste bat. Azkena.
Aspaldiko lehenengo aldi hartatik, beti gauza bera. Beste bat. Azkena.
Ez duzu jertsearen mahuka jaso beharrik ere. Goian daukazu azkena sartu duzunetik. Zeure buruari esan diozunetik ez zenuela berriro egingo. Duela hiru ordu eskas. Beste bat. Azkena.
Baina inoiz ez dator azkenik. Asteartea da. Edo asteazkena, berdin dizu. Ez daukazu inora joan beharrik. Inor ez dago zure zain inongo tabernatan, edo ile-apaindegitan, edo supermerkatuko ilaratan. Asteartea da, edo asteazkena, eta buruak eztanda egin behar dizu gaur. Gaur ere bai. Atzo, atzo ere bai, azken ziztada asko egon zirelako. Horregatik min duzu gorputzeko gihar guztietan. Nahiz eta zure buruari behin eta berriro esaten zenion aski zela. Eta gero, beste bat. Azkena.
Pixka bat agondu zara goma zati bat hartzeko. Nekez heldu ahal diozu koilaratxoari, eskuak dar-dar egiten baitizu. Txiskeroaren suak barruak epelduko balizkizu sikiera. Desio duzu txorrota ireki eta bainuontzia goraino bete. Desio duzu burua ur azpian sartu eta sekula ez atera. Orduan, bai. Orduan, beste bat. Eta, behingoz, azkena.
Barruraino sartu duzu orratza. Hotza sentitu duzu zainetan eta odol-tanta bat erori da bainuontzi zuriaren gainera. Gaur ez diozu ezer esan zeure buruari.