LAN ISTRIPU LARRIA

Latiorro Ikastetxean egondako “lan istripu larria” salatu du LABek

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 2a, 14:47

Latiorro Ikastetxea, ikasturte hasieran hartutako irudi batean. / Aiaraldea.eus

Sukaldari eta garbitzaileen kolektiboko langile batek bihotzekoa pairatu zuen ostiralean, eta larri dago, sindikatuak jakinarazi duenez. 

LAB sindikatuak oharra plazaratu du  “Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan egondako lan-istripu larria salatzeko”. Laudioko Latiorro Ikastetxean jazo zen ezbeharra ostiralean. Behargin batek bihotzekoa izan zuen eta larri dago, sindikatuak jakinarazi duenez.

Langileari “elkartasuna eta babesa” helarazi diete sindikatuko kideek, eta ohartarazi dute asteburuan beste lan-istripu bat egon zela Derioko GUFEko egoitza batean, “non langilea bihotzekoak jota hil egin den”. 

Gaixotasun profesionalen agerpena 

LABek azpimarratu duenez, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboko langileen %68 behin-behinekoa da, eta euren lan baldintzak okertu egin dira: “Langileek ez dituzte haien funtzioak zehaztuta, ordezkapenak ez dira betetzen, ratioak kontuan izanda laguntza kontratuak ez dira izendatzen, eta COVID-19ko errefortzuak ez dira kontratatzen hainbat ikastetxeetan, lan-zama gero eta handiago da...”.

Latiorroko kasua, "esanguratsua"

Latiorro Ikastetxeko kasua bereziki esanguratsua dela adierazi diote sindikatuko kideek Aiaraldea Hedabideari. Ikasturte berria hasi zenetik "lan karga izugarriak" eduki dituzte eskola horretan, COVID-19aren aurkako protokoloak betetzeko giza baliabide nahiko ez zeudelako. Irailean, esaterako, jantoki zerbitzurik gabe utzi behar izan zituzten ikasle gehienak, "talde-burbuilak" mantentzeko langile nahiko ez zeudea eta. Guraso eta irakasle ugarik protesta egin zuten orduan eta, azkenean, Eusko Jaurlaritzak begirale gehiago bideratu zituen hezkuntza zentrora, baina ez eskatutako guztiak. 

Horregatik, LABek nabarmendu du ez dela kasualitatea behargin batek bihotzekoa pairatzea. Aipatutako lan baldintzen ondorioz, azken urteetan sektore horretan hainbat gaixotasun profesional agertu eta zenbait lan istripu gertatu dira euruen iritziz, eta “lanpostu arriskutsuak” direla ondorioztatu dute. “LABek kolektibo honen lanpostu guztien balorazioa eskatzen du, arriskuak ezagutu eta aztertu daitezen; eta langileen osasun zaintza berma dezatela exijitzen du. Negoziazio kolektibo zintzo baten bidez arazoa ondo bideratu daiteke, langile guztientzat irtenbide egokia bilatuz. Kontsolidazio prozesuak behar dira, eta egiteko lege propioa behar da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzunez”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide