Oposizioko udal taldeek duten "askatasun demokratiko eza" salatu du Omniak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mar. 3a, 18:27
Omniako kideak, artxibo irudi batean. / Omnia

EAJ eta PSE-EEren koalizioa alkatetzara iritsi zenetik, udalaren eguneroko jardunean parte hartzeko ezintasuna dutela adierazi du Omniak, "ikusle huts" izatera bultzatu dituztelako.

Omniak oharra plazaratu du udal gobernuak oposizioko alderdiekin duen jarrera salatzeko. Talde politikoaren iritziz, "EAJ eta PSE-EEren koalizioa udal gobernura iritsi zenetik gainerako taldeak ikusle huts izatera igaro dira".

Iragan asteleheneko -otsailak 22- udalbatzan gertatutakoak piztu du Omniaren haserrea. "EAJk eta PSE EEk Laudion ezarri nahiko luketen estatu totalitarioaren adibidea ikusi genuen bertan", azaldu dute oharrean. 

Omniak aurkeztutako bi mozioen harira sortu zen polemika: Herriko Plazako zoladuraren ingurukoa bata eta haurren parkeak estaltzearen ingurukoa bestea. Omniaren esanetan, udal gobernuko ordezkariek mespretxuz erantzun zioten mozioen aurkezpenari, udalbatza horiek eztabaidatzeko lekua ez zela esanez. "Gu iraintzea besterik ez zitzaien falta", gaineratu dute oharrean.

Nabarmendu dute Juanje Merchan eta Ander Larrinaga izan zirela udal gobernuaren posizio horiek defendatzeaz arduratu zirenak: "Politikan hasi berriak dira, eta gu hamar urte baino gehiago daramagu udalaren egunerokoan murgilduta".

Udalbatza eta batzordeak bereiztearen beharra azpimarratu dute Omniako kideek: "Lehenengoa foro politikoa da, bigarrena foro teknikoa. Bata ez da bestearen ordezkoa". Izan ere, aurkeztutako mozioak Hirigintza Batzordera zuzenean eramateko eskatu zuten udal gobernuko kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide