Pelikula onenaren 'Jules Verne' saria eskuratu du Armugan filmak Nanteseko Festival du Cinèma Espagnol jaialdian.
Iñigo Martinez da pelikulako protagonista, eta oso pozik azaldu da jasotako aitortzarekin. “Jaialdian egote hutsa saria izan da jada”, nabarmendu du aktore laudioarrak, “Goya sarietan egon diren pelikulekin lehiatzea nahikoa lorpen izan da guretzat. Baina pelikula onenaren aitortza lortzeak ilusio eta poztasun handia sortu digu, Las niñas bezalako filma bikainen aurretik geratu garelako”.
Jaialdia online egin da, koronabirusa dela eta. “Pena izan da joan ezin izatea, baina bizi ditugun garai hauetan ohorea da bertan parte hartzea”, azaldu du aktoreak.
Aretoetan, maiatza aldera
Hurrengo pausoa zein den ere zehaztu du Martinezek: filma zinema aretoetan estreinatzea. “Maiatzean estreinatuko da seguru asko, Bartzelonan hasita. Ea sari hauek filmari zinema aretoetara iristeko bultzada nahikoa ematen dioten, orain oso estreinaldi gutxi egiten direlako, COVID-19a dela eta”.