Larunbatean hasiko da ‘Kultur Faktoria’ egitasmoaren udaberriko programa, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak Laudioko Industriagunean atondutako pabilioian.
Azken urtean obra eta auzolanetan buru-belarri egon da espazioa, eta aste honetan bertan emango diote amaiera Faktoria atontzeko prozesuari. Bazkideentzako aurkezpenak egingo dituzte ostiraletik igandera bitartean, eta testuinguru horretan joko du Anarik.
Hala ere, herritar orok izango du musikari azkoitiarraren kontzertuetara bertaratzeko aukera. Bi emanaldi eskainiko ditu Anarik, biak ala biak larunbatean, apirilak 24, 13:00etan lehena eta 18:00etan bigarrena.
Sarrerak Internet bidez eskuratu daitezke, hemen. Bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek, aldiz, 12.
Hurrengo emanaldiak
Maiatzean jarraituko du kultur emanaldi maratoiak, maiatzaren 15ean, Faktoriaren irekiera ofizialarekin. Ruper Ordorikak joko du egun horretan, eta beste hainbat sortzaile ere igoko dira hurrengo asteburuetan Faktoriako oholtzara: Kai Nakai, Poesia zaurien ukendu ikuskizuna, Habi eta Etxekalte, Porrotx eta Yogurinha Borova, Chill Mafia, Malen Atxa, Esti eta Mikel Markez, Bulego, Konpost, Era Batera, Eñaut Elorrieta, Elkar ezagutu genuen eguna antzezlana, Ibil Bedi eta Maria Rivero & Tribu Banda.