Pili Arsuaga eta Fontso Isasi 1990. urteko uztailaren 1ean hil ziren Zamoran, Ourenseko espetxean Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazenean. Istripu hartatik 30 urte igaro direnean, Etxerat elkarteak mozioa aurkeztu du Laudioko Udalean, Arsuaga eta Isasiren senideek jasandako mina aitortua izan dadin, eta dispertsio politika bertan behera uztea eskatuz.
Atzoko udalbatzan eztabaidatu zuten udaleko talde politikoek Etxerat elkartearen testua. EAJ, EH Bildu eta Omnia alderdiek honen alde egin zuten, PSE-EE alderdiak, berriz, aurka bozkatu zuen.
Dispertsio politika ezbaian
Mozioak eztabaida ekarri zuen udal taldeen artean. Juanje Merchan PSE-EEko zinegotziak ontzat jo zituen dispertsio politika eta gaur gaurkoz indarrean dagoen espetxe politika: "presoek ez dituzte legediaz kanpoko inolako onurarik jasoko". Gainerako udal taldeetako ordezkariek, ordea, dispertsio politikaren aurka azaldu ziren, "salbuespenezko" legedia dela ulertuta.
"Espetxe arautegiak ez du dispertsio politika barnebiltzen, eta hemen defendatzen ari garena legediaren aplikazio zorrotza baino ez da", argudiatu zuen Ander Añibarrok, testuaren defentsan. "Pili eta Fontsoren heriotza tragedia bat izan zen, senide eta lagunek pairatu duten tragedia onartezina", gaineratu zuen alkateak.
Omniak ere euskal presoek pairatzen duten dispertsioarekin amaitzea eskatu zuen: "Duela 10 urte desagertu zen ETA, sakabanaketak ez du inolako zentzurik". EH Bilduk ere bide berdinetik jo zuen: "Dispertsio politika ilegala izan zen eta ilegala da, eta 16 biktima ekarri ditu".
Pili eta Fontso gogoan
Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren memoriaren alde urrats berri bat eman zen atzo Laudion, Udalbatzak senideek jasandako mina aitortuta. 30 urte hauetan hainbat ekimen egin dira bi herrikideak oroitzeko. 2020ko uztailean izan zen azkena, Etxeratek antolatutako ekitaldian.