Maiatzaren 11n eta 13an eskaini zituen estreinako aldiz Josu Ortiz Delgado konpositoreak Entonces y además eta Origins lanak Madrilgo Reina Sofia Museoan. Bere lehenengo estreinaldiak izan dira hiriburu horretan eta "pribiliejiotzat" jo du aukera hori izatea. Emanaldia COVID-19 birusak ezarritako neurriekin izan zen eta, ondorioz, publikoaren kopurua mugatua zen.
Laudioarra Madrilen dabil Konposizioa eta Orkestra Zuzendaritza ikasten eta indarrean dagoen ikasturtean sortu ditu aurkeztutako bi lanak, José M. Sánchez-Verdú irakaslearekin. Zehazki, Entonces y además Blas de Otero olerkariaren hitzekin osatu du pianorako. Origins, bestalde, flautarako konposizioa da.
Orain Nervion River Suit lanean ari da buru-belarri eta nazioarteko bi probetan parte hartuko du, Bizkaiko Abesbatzen Elkartearen lehiaketan 3. postua eskuratu ostean.
Bere ikasketak amaitzeko 3 urte beharko ditu oraindik, baina beharrezkoak ditu Ikus-Entzunekoen Konposizio masterra egiteko Royal College of Music-en edo Berkleen.