Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan ikuskizuna eskainiko dute Ainhoa Urien Telletxe eta Nerea Iglesias Lilik bihar -maiatzak 21- Faktorian, 18:30ean.
Urienen izen bereko liburuan dago oinarrituta ikuskizuna. Leteren poesia buruzko saiakera plazaratu zuen Abadiñoko idazleak iaz, Pamiela argitaletxearekin. Ikuspegi akademiko hutsetik aldentzen den lana da, Leteren poesiek egilearengan izan duten eragina aztertzen duelako.
“Bere poesia liluratuta irakurtzen nuen hasieran, ezer asko ulertu barik. Gerora, hitzei zentzua bilatzen hasi nintzen, Leteren bizitzaren eta poesiaren arteko loturak egiten, nire sentimendu asko bere poesiaren bidez interpretatzen”, azaldu du Urienek berak liburuaren sinopsian, “hauxe da barruak eskatzen zidanaren emaitza: Xabier Leteren poemek nigan sortutako emozio, pentsamendu eta bizipenei emandako erantzuna”.
Literatura eta musika uztartuko ditu emanaldiak. Nerea Iglesias Lili antzezle eta musikari laudioarra arduratuko da Urienen hitzei musika jartzeaz, pianoarekin.
Sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Hemen bete daiteke inskripzioa.