Adostasuna lortu du inbertsio planak Laudion

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 20a, 12:00
Skate eta pumptrack eremuak egitea adostu dute inbertsio planean. / Aiaraldea.eus

EAJ eta PSE-EE udal taldeak inbertsio plana aurrera atera du oposizioaren babesarekin. EAJk aldarrikatu du bere kudeaketa onaren emaitza izan dela eta oposizioak, aldiz, bere ekarpenak jaso direla egitasmoan.

Pasa den astean Laudioko udalbatzak kreditu aldaketa onartu zuen, inbertsioen lehentasunak markatzeko. Egunean bertan EH Bilduk jakinarazi zuen oniritzia emango ziola proposamenari eta aste honetan EAJk eta Omniak prentsa oharrak plazaratu dituzte gai berari buruz.

Jeltzaleek azpimarratu dute euren kudeaketa egokia dela medio lortu dela inbertsio plana onartzea, eta honakoa gaineratu du: "Garrantzitsua da kontuan hartzea, azken urte honetan, COVID-19ren osasun-krisiaren ondorioz, nabarmen murriztu direla Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsetik (FOFEL) datozen diru-sarrerak; beraz, garrantzitsua da udalerriko proiektu horien guztien aurrerapena baloratzea, egungo inguruabarrak kontuan hartuta".

Inbertsio planak hurrengo lanak aurreikusi ditu, besteak beste:

  • 190.000 euro Etxebarri baserria sendotzeko
  •  110.000 euro baso-berritzeak egiteko 
  • 150.000 euro asfaltatuentzat
  • 130.000 euro haur-parke batean estalkia jartzeko
  • 130.000 euro 'pumptrack' eta 'skate' pista bat sortzeko
  • 60.000 euro Lamuza-Granja kiroldegiko kantxa eraberritzeko

Omniaren babesa ere

Omniak ere aldeko botoa eman zuen asteazkenean ez-ohiko udalbatzan eta oharra plazaratu du horren arrazoiak jakinarazteko. Taldeak uste du plana lantzeko eredua egokia izan dela eta bere ekarpenak jaso direla. Besteak beste, talde independenteek azaldu dute udal gobernu taldeak bere gain hartu duela txakurrentzako aisialdi eremuak irekitzea edo Lamuza Parkeko barandekin dagoen segurtasun arazoa konpontzea.

Halaber, Omniak argitu du faltan bota duela EAJk eta PSE-EEk argitzea zer gertatuko den herriko azpiegitura handiekin, estrategikoak baitira etorkizunerako.

Azkenik, ohartarazi dute adi egongo direla, udalak iragarritako proiektuak bete ditzan.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide