UXUE MENDIA

"Uste dut etorkizunean neskek emakumezkoen futbolean izango dituztela erreferenteak"

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 30a, 10:15

Uxue Mendia futbolaren elitean aritu da azken bi denboraldiak./ Aiaraldea.eus

UXUE MENDIA (Laudio, 1997) omendu zuten Laudioko Udalak eta Altzarrate Kirol Elkarteak. Izan ere, futbol jokalariak lortu du 1. mailara igotzea Alaves taldearekin.

Omenaldia jaso zenuen Alaves taldearekin 2. mailatik 1. mailara igotzeagatik, nola jaso duzu aitorpena?

Oso berezia izan da. Etxean nengoen eta ez nekien ezer. Aitak esan zidan sorpresa zuela niretzat eta udaletxera eraman ninduen.  Berezia da zure herria zutaz harro egotea. Asko eskertzen dut eta ilusioa egin dit. 

Nola laburtuko zenuke bukatu berri den denboraldia?

Arraroa izan da COVIDaren ondorioz, baina denboraldi oso erregularra egin dugu. Partida oso gutxi galdu ditugu eta horrela egin ditugu urrats garrantzitsuak gure helburua lortzeko. Bide luzea izan da, bagenekien zein zen xedea eta taldea batuta egon da. 

Zein izan da zure ibilbidea eliteko futbolera heldu arte?

Txikitan Laudion hasi nintzen, gero Ugaon aritu nintzen 7 urtez, horren ostean Aurrera de Vitorian 2 edo 3 urtez eta azkenik Alavesen 2 denboraldi. 

Alavesen esperientzia oso polita izan da, bidaiatzeko aukera izan baitugu. Mallorcan, Madrilen... hainbat tokitan egon gara. Oso ondo dago zure taldekideekin, lagunak direnak, bidaia horiek egitea.

Udalak ez ezik, Altzarrate klubak ere omendu zaitu, nola hartu duzu?

Berezia izan da, ni txikia nintzenean erreferente batzuk nituen eta ikustea herriko norbaitek lortu ahal duela, zu ere motibatzen zaitu bide hori jarraitzen. Azken finean, gaur egun emakumeen futbolari garrantzia ematen ari zaio, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko.  Bide horretan norbaitek hartzea ni erreferentetzat ilusio handia egiten dit. 

"Norbaitek hartzen ni erreferentetzat ilusio handia egiten dit"

Nolakoa izan da zure esperientzia zentzu horretan, arraroa zen neska batek futbolean jokatzea?

Ez, beti hartu dute ondo familiak zein lagunek. Txikitan mutilen taldeetan jokatzen nuen. Lagunekin ere beti ondo, nahiz eta esaten zidaten eurekin ezin nuela maiz egon. Hala ere, ulertzen zuten nire lana dela. Familiaren eta lagunen bultzada goraipatua izan da ere.

Hurrengo denboraldian zer egingo duzu?

Alavesen amaitu zait kontratua, hortaz, hango etapa bukatutzat ematen dut eta asko eskertzen diet lana. Orain bide berriak zabalduko dira eta ez dakit zehazki nora joango naizen, baina jarraitzeko asmoa daukat. 

Zer kendu eta zer eman dizu futbolak?

Familia eta lagunekin momentu asko kendu dizkit, denbora asko exijitzen duelako futbolak. Hala ere, profesionaltasuna, eta nire burua antolatzeko gaitasuna lana eta ikasketak uztartzeko ere eman dizkit. Lagunen eta familiaren bultzada ere sentitu ditut. Askotan ezin izan naiz eurekin nonbaitera joan, baina harro egon dira nik egiten nuenaz. Gainera, lagun pilo egin dut nire taldekideen artean. Esango nuke nire bizimodua dela futbola txikitatik. 

Jokalari moduan zeintzuk dira zure ezaugarriak?

Atzelaria naiz, zentrala, eta hegalaria batzutan. Azkarra eta langilea naiz, eta taldekide ona. 

Atzelariek ospe txarra duzue...

Bai, esaten dute egurra ematen dugula, eta batzuetan horrela izan behar da. Dena den, Alavesen baloia erabiltzen da gehiago. Jokoa da lehentasuna.

Zer nolako erreferente izan dituzu jokalari moduan?

Txikitatik ezin izan dut emakumezkoen futbolaren erreferentzia izan, baina txikitan asko erreparatzen nion Laporteri, eta orain emakumezkoen futbola ikusteko aukera dudala, Maria Leon Barcelonako zentrala dut gustuko. 
Konfiantza daukat etorkizunean neskek erreferentetzat izango dituztela emakumezkoak. 

Azkenengo mezua futbol jarraitzaileei?

Lan eta lan egitea, ahalegina egitea. Merezi du eta lanaren bidez helburuak lor daitezke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide