Zer dira Arabako Neska* Gazteen topaketak?
Arabako Neska* Gazteen arteko ezagutza eta saretzea bultzatzeko topaketak dira hauek. Asko gara herriz herri Araban zehar antolatuta gauden neska* gazteak, eta gu guztiok elkar ezagutzeko beharretik hasi ziren hauek antolatzen.
Aurretik bi edizio egin dira dagoeneko. Lehenengoa Amurrion bertan egin zen, 2017an. Arabako talde desberdinetan antolatutako neska* gazteak Amurrioko Gaztetxean elkartu eta hainbat eztabaida saio egin zituzten bertan.
Lehen edizio horren arrakasta ikusirik 2018an berriz antolatu ziren, Zuiako Gaztetxean. Geldialdi baten ostean, 2020an topaketei berriro heltzea zen asmoa baina pandemia egoerak ez zuen ahalbidetu.
Uztailaren 3an egingo dituzue. Zer eskainiko du edizio berri horrek?
“Probatu ez duenak ez daki zer den hau!” lelopean Agurainen antolatuko dugu Arabako topaketa berria. Helburu nagusia antolakuntza feministarako deia luzatzea izango da, herriz herrikako neska* gazte taldeetan.
Trebakuntza feminista eta aisialdia uztartuta, egun osoko egitaraua prestatu dugu. Goizean elkar ezagutzeko dinamikak eta tailer pare bat egingo ditugu, eta bazkalostean mahai-ingurua egingo dugu Arabako Neska* gazte taldeetako kideekin. Eguna borobiltzeko kontzertua prestatu dugu Aiaraldeko bi sortzailerekin: Miriam Bueso eta Jone Urruela.
Egitarauaren informazio zehatzagoa zabaltzen ari gara Arabako neska* gazte taldeen sare sozialen bidez. Internet bidezko izen-emate epea ere zabaldu dugu dagoeneko; oso erraza da, esteka honetan egin daiteke.
“Antolakuntza feminista ahalduntzerako oso tresna aberasgarria da, korapiloak askatu eta eztabaida berriak zabaltzeko aukera eskaini dit”
Nola antolatu zarete topaketa hauek aurrera ateratzeko?
Arabako talde desberdinetako neska* gazteak batu gara: Laudioko neska* gazteak, Amurrioko Otsemeak taldea, Gorbeialdeko Zeteme, Gasteizko Negeak edota Aguraingo Inguma taldea, besteak beste.
Gure artean egin beharrak banatu eta hauek lotzen joan gara.COVID-19ak asko zaildu ditu prestaketa lanak, hasieran modu telematikoan egiten genituen bilerak.
Udalerrietako mugak zabaltzerakoan elkartzeko aukera izan genuen eta askoz emankorragoak izan dira bilerak. Gauza batzuk lotzeke dauden arren, egitarau polita aterako dugu aurrera guztion artean.
Zer eskaini dizu antolakuntza feministak zuri?
Oso aberasgarria zait, ahalduntzerako tresna baliagarri bat dela esango nuke, asko ari naiz ikasten. Zure interes berdineko jende berria ezagutzeko aukera ematen dizu: korapiloak askatu eta eztabaida berriak zabaltzeko.
Zer espero duzue lortzea topaketa hauekin?
Topaketa hauek neska* gazteon antolakuntza eta saretzerako pizgarri izatea nahi dugu. Aiaraldea mailan neska* gazteok herrietako taldeetan antolatzeko jauzia ematera bultzatuko dituelakoan nago.