Plazara jalgi da berriz Laudioko San Roke Musika Elkartea

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 26a, 09:25

Udako kontzertua eskaini zuen Laudioko San Roke Musika Elkarteak atzo Alberto Acero plazan. 

Emanaldi berezia izan zen, baina ez horrenbeste jotako piezen nolakotasunagatik, emanaldia egite hutsagatik baizik. Izan ere, musika bandak iaztik zeraman kontzerturik eman gabe, COVID-19a dela eta ezarritako neurriengatik. Bandako kideek behin baino gehiagotan salatu dute eurei ezarri zaizkien neurriak gehiegizkoak direla. 

Laudioko Udalaren KultUda egitarauaren barruan eskaini zuten emanaldia, koronabirusaren aurkako neurri guztiak beteta. 

Balorazioa

Oso positiboki baloratu dute emanaldiak izandako harrera. “Bandako kideen jarrera, ardura eta profesionaltasuna nabarmendu nahiko nituzke, elkartu gabe ia bi urte daramatzagun arren”, adierazi du Pedro Ignacio Adrián Gonzálezek, “nabari zen herriko jendeak banda berriz entzuteko gogoa zuela, eta musikariok berriz jotzekoa”. 

Bandako zuzendariak nabarmendu du musikari askok euren oporrak eten behar izan dituztela kontzertua eskaini ahal izateko, eta beste modu batera funtzionatzeko beharra jarri du mahai gainean: “Musika banda batek, dituen ezaugarriak direla eta, egonkortasuna eta jarraipena behar ditu bere jarduna garatzeko”. 

Horri begira, hiru ardatz garatu behar direla aipatu du  Adrián Gonzálezek, “lehen bait lehen”: 

  • Pandemia aurretik egiten ziren ekintza guztiak berrezartzea. 
  • Udalarekin hitzarmen bat sinatzea, “bandaren etorkizuna bermatzeko”. 
  • Udal Musika Eskola martxan jartzea aztertzea. 

Laudioko kulturaren alde lan egiten duen jendeari “errespetua” zor zaiola nabarmendu du zuzendariak eta gaineratu du kontzertuak egiteko toki aproposak bermatu behar direla, Alberto Acero plaza horretarako gune egokia ez dela iritzita. “Pena da musikariek entseguetan egindako lana behar bezala ez entzutea”. Gauzak hala, Aldai plaza gune egokiagoa dela uste du musikariak.

Bukatzeko, bandako arduradunak eskerrak eman nahi izan die laguntza eta babesa helarazi dieten pertsona guztiei. “Hori da gure jardunarekin jarraitzeko dugun gasolinarik onena”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide