Dimisioa aurkeztu du Juanje Merchan zinegotziak, lana dela eta sortutako bateraezintasunengatik. Gaur arratsaldeko plenoan egingo dio uko ofizialki karguari, 2 urtez PSE-EE taldeko ordezkari izan ostean.
Hala ere, politikari laudioarrak herriko talde sozialistako buru izaten jarraituko du. Alberto García Rodríguezek ordezkatuko du udalean. “Aretako bizilaguna da eta esperientzia luzea du sindikalgintzan, 20 urte daramatza Adif enpresako UGTko sail sindikalean. Konfiantza osoa dut beragan”, azaldu dio Merchanek Aiaraldea Komunikabideari. Abuztuko plenoan hartuko du kargua zinegotzi berriak.
Zinegotzi gisa eman dituen bi urteak “biziak” izan direla aipatu du Merchanek, baina gaineratu du “zapore gazi-gozoa” geratu zaiola, legealdia amaitu ezin izanagatik. “Baina, era berean, pozik nago bi urte hauetan abiatutako proiektuengatik”.
2019tik hona abian jarritako ekimenak goraipatu ditu politikariak. “Hezkuntza zentro publikoetan inbertsio dinamika bat abiatu dugu, orain arte existitzen ez zena”. Garatu dituzten eta garatzeke dauden hainbat egitasmo ere zerrendatu ditu PSE-EEko buruak:
- Nagusien zentroetako ekintzak.
- Kasinoko nagusientzako dantzaldiak (laster berreskuratzeko asmoa duten proiektua).
- Fleming kaleko jubilatuen zentroko obrak.
- II. Gazte Plana.
- Gaztelekuko hobekuntzak (azpiegitura udan ostean irekitzea aurreikusi dute)
- Gazteon egitasmoa.
“Badaude egiteke geratu diren gauzak, legealdiaren bigarren zatian garatu beharko direnak”, aitortu du Merchanek. Bukatzeko, eskerrak eman dizkie PSE-EEko bozkatzaileei, “bi urte hauetan udalean ordezkari izateko emandako aukeragatik, ohore bat izan da”.