Igandera arte luzatuko da "Ugarteko egitarau herrikoia"

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 30a, 21:58

Ugarteko jaiak ofizialki bigarren urtez jarraian bertan behera geratu diren arren, auzotarrak ez dira besoak gurutzaturik geratu eta hainbat ekintza antolatu dituzte asteburu honetarako. 

Bizkotxo lehiaketa eta umeentzako jokoak egin dituzte gaur arratsaldean. Bihar, aldiz, Tute Txapelketa egongo da 16:30ean, Ugarte Tabernan. 20:00etan, aldiz, Iglea Txapelketa egongo da, Gorbea tabernan. Horrez gain, trikitilariak egongo dira kalean egunean zehar, auzoa girotzen.

Igandean, aldiz, mendi ibilaldia egingo dute Ermualdera, 9:30ean Ugarteko plazatik abiatuta. 16:30ean mus txapelketa egongo da Gorbea tabernan, eta baita odoloste jana ere, auzoko tabernetan. 

Ekintza horiei udalak biharko (larunbata) antolatutako jarduerak gehitu behar zaizkio: Bi Hotsak abesbatzaren kontzertua (12:30ean parrokian) eta Arrizkuzubi herri kirol taldeak erakustaldia egingo du 18:00etan. Pinotxo ikuskizuna ere eskainiko zuten auzoan, baina tokiz aldatu dute azkenean: Aldai plazan ikusi ahalko da 20:00etan. 

Tabernekin elkarlanean

Iazko ereduari jarraituz auzolanean antolatuko dute egitaraua 'Ugarte Bizirik' ekimen kulturalaren izenean. 

Aurreko urtean egin bezala, auzoko komertzio eta ostalaritza establezimenduen inplikazioa eta elkarlana sustatu nahi izan dute. Jaien ordezko egitaraua "herritarren aktibaziorako tresna" izatea dute helburu ekimen kulturaleko kideek, 2019an  Ugarteko jaien antolakuntzan gauzatutako belaunaldi aldaketari bidea errazteko helburuarekin. 

Izan ere, urte horretako jaietan gazte ugari elkartu ziren jai herrikoiak antolatzeko premia ikusirik. Urte luzez Ugarten desagertuta zegoen jai eredu herrikoi eta parte-hartzailea berreskuratzea zuten helburu, eta baita lortu ere. Jaiak auzora gehiago bideratzea eta gazteei begirako eskaintza handitzea ziren antolatzeko urratsa eman zuten gazteen helburu nagusiak.

Lehenengo urte  horretan gauza gutxi aldatzeko aukera izan zuten, denboraz larri ibili baitziren. Baina, zailtasunak zailtasun, egitarauari buelta bat ematea lortu zuten eta oso harrera ona izan zuen jaien eskaintza berriak. “Jendea oso pozik aritu zen, eta bizilagun ugarik esan ziguten gau partean aspaldi ez zela Ugartera horrenbeste jende gerturatzen”. 

Gauzak hala, aldaketa horretan sakontzen jarraitzeko asmoa zuten hurrengo urteetan, baina pandemiak moteldu egin du prozesu hori guztia. Horregatik espero dute aurten osatuko den eskaintza kulturala nahikoa izatea belaunaldi aldaketa eta aktibazio horri eusteko.

Argazkiak: Kirikiño Atseden Taldea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide