Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera

Udal hiltegiaren itxieraren aurka mobilizatzen hasi dira

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 30a, 22:54

Asanblada informatiboa egin dute gaur arratsaldean, eta ekimenekin jarraitzeko asmoa dute datorren astean. 

Hilabete bat pasa da Laudioko Udalak hiltegia itxi zuenetik, hondakinen kudeaketa eta tratamenduan akatsak detektatu zituela argudiatuta. Erabaki horren aurkako elkarretaratzea egin dute gaur Gurutze Gorriaren parean. Hasierako asmoa manifestazioa egitea zen Herriko plazaraino, baina azkenean asanblada informatiboa egitera mugatu dira. Hala ere, datorren astean beste deialdiren bat egitea aurreikusi dute. 

Laudioko hiltegiaren eredua goraipatu dute asanbladan, “kilometro 0” filosofia modu hobezinean betetzen duela nabarmenduta. “Produktuak abeltzainetik harakinera pasatzen dira, handizkako merkataririk edota bitartekaririk gabe”.

Gogorarazi dutenez, eskualdeko familia asko bizi dira sektore horri esker, eta Aiaraldea eta Enkarterriak dira EAEn abeltzaintza dentsitate handiena duten zonaldeak. Laudioko hiltegia itxita, 70 kilometrora dute hurbilena, “eta abereak horraino garraiatzea ez da jasangarria”. Gauzak hala, hiltegirik gabe tokiko haragirik egongo ez dela ondorioztatu dute. 

Itxieraren atzean “interes ezkutuak” egon daitezkeela iradoki dute gainera, hiltegiko azpiegiturek araudi guztiak betetzen dituztela gaineratuta. “Isurketa guztiak kolektore orokorrera doaz, gainontzeko fabrika eta bizilagunen isurketak bezala. Gainera, hiltegiko hondakinak organikoak dira, hau da, gutxien kutsatzen dutenak”. 

Bukatzeko, itxierak zenbat pertsonari eragingo dien kalkulatu dute, iazko urritik ekainera bitarteko datuak baliatuta:

  • 4.500 abeltzaini (Arabako 696 tartean).
  • 287 harategi eta bezero baino gehiagori.
  • Hiltegian lan egiten duten 11 langileei.

Horrez gain, denbora tarte horretan hiltegian 2.439 behi, 3.510 arkume eta 1.472 antxume sakrifikatu dira, aipatu dutenez. 

Argazkiak: Samuel Pasandin Sanchez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide