Udal hiltegiaren jarduera behin behinean etetea erabaki du Laudioko Udalak, prebentziozko neurri gisa.
Tokiko erakundearen arabera, akatsak sumatu dituzte hondakinen kudeaketa eta tratamenduan, eta horregatik hartu dute erabakia. “Hemendik aurrera, sakon ikertuko dira instalazioen funtzionamenduan ezohiko egoera hori zergatik sortu den. Horretarako, agintari eskudunei jakinarazi zaie”, azaldu du udalak prentsa oharrean.
Antzeko egoera bizi izan zuen hiltegiak duela bi urte. Kasu hartan URA izan zen azpiegitura ixtea agindu zuena, ibaian agertutako odol-isurketa batzuk zirela eta. Soka luzea ekarri zuen gertaerak. Abeltzainek protestak antolatu zituzten itxiera salatzeko. Izan ere horrelako azpiegiturarik ez dago hurbil:
Abuztutik azarora egon zen azpiegitura itxita. Udalak akordioa lortu Eusko Jaurlaritzarekin hiltegian egin beharreko obrak finantzatzeko.
Guztira, 140.000 euro baino gehiago inbertitu zituen tokiko erakundeak. Hauek dira egin zituzten hobekuntzak, udalak zehaztu duenez:
- Saneamendu-sarea berritzea, ur-beltzak eta euri-urak bereizteko, kolektoreak eta kutxatilak ordezkatuz.
- Estalkiko forjatuak partzialki konpontzea.
- Karrileria eusten duen metalezko egitura guztia tratatzea, hildako piezak eskegi eta barnean lekualdatzeko.
- Iturgintza-instalazioa partzialki konpontzea.
- Odola biltzeko pila instalatzea.
- Animaliak hiltzeko tokia berritzea, osasungintzak eskatzen duen araudia bete ahal izateko.
- “Lazareto aretoa” eta animalientzako beste gela batzuk hobetzea.
- Hiltegiko 7 hotz ganbaretako bat konpontzea.