Gaur gauean abiatuko dituzte Laudioko tren geltokia berritzeko lanak. Trenen zirkulazioa ez kaltetzeko asmoz, gauean zehar gauzatuko dituzte obrak, trenbide-sarearen mantentze lanekin bat eginez, 00:00etatik 5:00etara. Laudioko Udalak positiboki baloratu du lanen hasiera, eta aldez aurretik barkamena eskatu nahi izan die bizilagunei obrek sor ditzaketen eragozpen eta zaratengatik: "Ahalik eta txikiena izatea espero dugu" adierazi du tokiko erakundeak.
Azaldu dutenez, hainbat hobekuntza gauzatuko dituzte geltokiko azpiegituran: Nasak handitzea, nasa-kota berria gainditzeko arrapalak egitea, dagoen hesia lixatu eta tratatzea, Urduñako aldean beste hesi bat eraikitzea aurrekoaren luzapen gisa, igogailuak kendu eta berriak jartzea, aterpea 2. nasatik 1. nasara eramatea edota markesina berriak instalatzea.
Gaur hasiko dira tren geltokia berritzeko gaueko lanak.
— Laudio (Udala - Ayuntamiento) (@LaudiokoUdala) August 30, 2021
Zirkulazioaren beharrak direla eta, obrak gauez egingo dira. Ordutegia 00:00etatik 05:00etara luzatuko dela aurreikusi da.#LaudiokoUdala
ℹ https://t.co/jdgGheyrx4 pic.twitter.com/KIhQNj7pSr
2 milioi euroko inbertsioa
Guztira 2 milioi euroko inbertsioa egingo du Renfek Laudioko tren geltokia berritzeko. Guztira 10 hilabeteko iraupena izango dute eta Seranco enpresa arduratuko da hauek gauzatzeaz. Nasen berritzeaz gain, tren geltokiko sarrera ere eraldatuko dute, txarteldegiko aretora iristeko bi eskailera bide ezarriz eta igogailu berri bat instalatuz.
Sarrera nagusia 2015ean berritu zuten, baina zenbait arazo izan dira azken urteetan, irisgarritasunari dagozkionak batez ere. Izan ere, eskaileren ondoan jarritako plataformak ez du funtzionatzen.