Uztailaren 2an udal hiltegiko ateak itxi zituen Laudioko Udalak, kautelazko neurri gisa. Izan ere, tokiko erakundeak akatsak sumatu zituen hondakinen kudeaketa eta tratamenduan. Ikuskaritza tekniko batek hainbat irregulartasun detektatu zituen, lizitazioan zehaztutakoarekin bat ez zetozenak.
Gaur -irailak 9- gaia aztertzeko batzorde berezia egin dute udalean, eta bertan ebatzi dute gaur egun Emusan S.L. enpresarekin indarrean dagoen kontratua etetea. Besteak beste, isurketa irregularrak, fosa septikoaren gehiegizko betetzea edota tripaki eta animalien bestelako hondakinen kudeaketa okerra zerrendatu ditu Ander Añibarro alkateak atzemandako akatsen artean. Akats horietako batzuek, lizitazioan zehaztutako baldintza pleguen kontra egiten dute. "Pleguetan argi azaltzen da tripakiak eta bestelako hondakinak enpresa espezializatu batek kudeatu behar dituela, eta Laudioko hiltegiko kudeatzaileak ez du hori bete", azaldu du Añibarrok.
"Pleguetanargi azaltzen da tripakiak eta bestelako hondakinak enpresa espezializatu batek kudeatu behar dituela, eta Laudioko hiltegiko kudeatzaileak ez du hori bete"
Uztaila hasieran hiltegia itxi zutenetik hainbat informazio eta dokumentu eskatu dizkio tokiko erakundeak enpresa kudeatzaileari, eta honek aurkeztutako dokumentazioa eskatutakoarekin bat ez datorrela adierazi du alkateak: "Bi aldiz egin dugu informazioa jasotzeko errekerimendua eta aurkeztutakoa ez dator bat lizitazioaren baldintzekin".
Kontratua etetea
Kontratua bertan behera uztearekin batera, lizitazio berri bat prestatzeari ekingo dio orain udalak. Horretarako baldintza-plegu berriak prestatuko dituzte. Ander Añibarrok jakinarazi duenez, hiltegia itxita mantenduko da lizitazio berria ebatzi arte. Epeez galdetuta, Añibarrok ez du zehaztu zenbat luzatu daitekeen prozesua, baina ziurtatu du tokiko erakundearen asmoa eta konpromisoa zerbitzua berriro ere abiaraztea dela. Gaur arte indarrean egon den kontratuak irailaren 30ean zuen iraungitze data.
Abeltzainei laguntzak
Bi hilabete daramatza itxita Laudioko hiltegiak, eta datozen hilabetetan berdin mantenduko dela dirudi. Egoera zaila dute, beraz, eskualdeko abeltzainek aurretik. Udalak diru laguntza pakete bat iragarri du udalerrikoak diren ekoizleek beste hiltegi batzuetan abereak sakrifikatu ditzaten. Añibarrok azpimarratu nahi izan du laguntza hauek Laudioko abeltzainek jasoko dituztela soilik.
Laudioko Udalak laguntza diru laguntza pakete bat iragarri du udalerrikoak diren ekoizleek beste hiltegi batzuetan abereak sakrifikatu ditzaten
Laudioko hiltegiko zerbitzua, ordea, eskualdeko abeltzain ugarik erabiltzen dute. Udalak eskainitako datuen arabera, iaz bertan 3.000 behi sakrifikatu ziren, eta horietatik 60 ziren Laudiokoak.
Azken hilabetean hainbatetan atera dira kalera eskualdeko ekoizle eta abeltzainak, "Hiltegia ez itxi" plataformak deitutako mobilizazioetan. Inguruan dagoen gisa honetako zerbitzu publiko bakarra da Laudiokoa. Hau itxita, gertukoena 70 kilometrotara dago.