MIREN NARBAIZA 'MICE'

"Entzuleak nirekin batera murgilduko dira nire unibertsoan"

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ira. 15a, 08:00

2017an aurkeztu zuen Miren Narbaizak bere bakarkako lehen lana. / MICE

MIREN NARBAIZA 'MICE' (Eibar, 1986) Napoka Iria taldean hainbat urtez aritu da. 2017an aurkeztu zuen bere bakarkako lehen lana, eta honezkero bere bakarkako hirugarren diskoan dago murgilduta. Larunbatean kontzertua eskainiko du Faktorian.

Larunbatean kontzertua eskainiko duzu Faktorian, zer taularatuko duzu bertan?

Faktorian bakarlari gisa igoko naiz oholtzara. Horrelakoetan, bandarik gabe jotzen dudanean, ahotsari garrantzia ematea gustatzen zait, lehen planora ekartzea eta gitarra hitzen zerbitzura jartzea. Nire bi diskoetako kantuak joko ditut, era biluziagoan, baita soinu berriak aurkeztu ere. Espero atmosfera atsegin eta polit bat sortzea, entzuleak nirekin batera nire unibertsora sartzea.

Anarirekin batera, Faktoriako oholtza estreinatzeko aukera izan zenuen apirilean.

Bai, oso egun polita eta emozionantea izan zen. Anarirekin jotzea pribilegioa da gainera! Espero dut, larunbateko kontzertuan giro ederra sortzea berriro ere, eta jendeak arratsalde pasa gozo batez gozatzea. Ea etorkizun hurbil batean bandarekin jotzeko aukera dugun bertan!

"Estudioan nabil sartuta disko berria prestatzen, kantuei buelta batzuk emanez. Dena ondo bidean, hilabete gutxi barri aterako da argitara"

2019an aurkeztu zenuen zure bakarkako bigarren diskoa, ba al dauka MICEk proiekturik labean?

Bai, estudioan nabil sartuta disko berria prestatzen, kantuei buelta batzuk emanez. Dena ondo bidean, hilabete gutxi barri aterako da argitara, baina oraindik ezin zehaztu noiz. Oso motibatuta nago proiektuarekin. Pandemiak atzeratu egin du diskoaren kaleratzea, eta badut abestiak jendaurrean aurkezteko beharra. Askotan abesti bat sortzen den unetik hau taularatu arte denbora asko igarotzen da, are gehiago garaiotan, eta zentzua galdu dezakete. Faktoriako kontzertuan kanta berriren bat jotzeko asmoa dut.

Nola bizi izan duzu pandemia egoera?

COVID-19ak kolpe oso handia suposatu du zuzeneko arteentzat bereziki. Itxialdia oso gogorra izan zen, eta egoera horretan sortzea oso zaila izan da. Aretoen itxierak, kontzertu faltak... frustrazioa eragin du. Gutxiaka jendaurrean jotzeko aukera zabaltzen joan da, eta oso eskertua nago aurkeztu diren aukerengatik, baina uste dut egoera asko luzatzen ari dela. Amorrua ematen dit ikusteak zeinen lasai gabiltzan alor batzuetan, zer nolako jende pilaketak dauden; kontzertuetan, ordea, gerrikoa estututa jarraitu behar dugu. Badirudi azkenak izango garela egoera honetatik ateratzen. Bada garaia askeago dantzatu ahal izateko.

Faktoriako kontzerturako sarrerak esteka honetan eskuratu daitezke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide