Astearteko prentsaurrekoan iragarri bezala, manifestazioa egingo du bihar 'Hiltegia ez itixi' plataforma sortu berriak, udal zerbitzuaren beharrezkotasuna aldarrikatzeko. Aiaraldeko dozenaka harakin, abeltzain eta kontsumitzaile batzen ditu plataformak, eta hiltegiaren irekiera ahalbidetuko duen prozesuan agente aktibo izatea dute helburu.
“Plataforma hau Laudioko hiltegiaren zerbitzua lehen baino lehen berrezartzearen beharrizana ikusi eta defendatzen dugulako sortzen da. Zerbitzu hau ezinbesteko tresna da bai lehen sektorea defendatzeko, bai bertako merkataritza babesteko ere”, azaldu zuten plataformako kideek Aldai Plazako prentsaurreko jendetsuan.
Gauzak horrela, bihar -irailak 24- Laudioko Eroski saltokitik aterako dira Aiaraldeko baserritarrak manifestazioan, arratsaldeko 19:00etan. Mobilizazioaren amaieran jasotako sinadura guztien entrega egingo dute.
11 lanpostu kolokan
Udal hiltegiko bederatzi langilek oharra sinatu dute ostiraleko manifestazioarekin bat eginez. Uztailaren 2tik daramate lanik egin gabe hiltegiaren itxieraren ondorioz, eta oraindik ez dakite zein izango den euren etorkizuna. Azaldu dutenez, bi hilabete hauetan ez dute inolako bilerarik izan udaleko ordezkariekin: "Oraindik zain gaude Laudioko alkateak, kontratua deuseztatzeko dekretua sinatu duenak, gurekin bilera bat izateko eta bere benetako plana zein den azaltzeko".
"Udala ahal duen guztia egiten ari da hamaika langile kalean gera gaitezen"
"Udala da herritarrengandik gertuen dagoen tokiko administrazioa, eta Laudion, hain zuzen ere, ustez langileak eta bizilagunak babesten ditu eskualdean gertatzen ari diren lan-gatazka larrietan: Tubacex, egoitzetako langileak... Baina errealitatea da gatazka udalak berak sortzen duenean, beste modu batean jokatzen duela. Horrela, gaur egun udala ahal duen guztia egiten ari da hamaika langile kalean gera gaitezen" adierazi dute oharra sinatu duten langileek.
Langileek babesa adierazi diote 'Hiltegia ez itxi' plataformari, zerbitzuaren jarraikortasunaren alde egiten ari den lanagatik. Era berean, eskualdeko herritarrak animatu dituzte biharko mobilizazioan parte hartzeko: "baserritarrak, tokiko ekonomia eta Aiaraldeko enplegua babesteko".