Helene Xuriok eta zuk Sugarren mende komiki albuma aurkeztuko duzue Faktorian, zertan datza lana?
Sugarren mende Euskal Herriak pairatutako sorgin ehizaren azterketa sakona egiten duen lana da. Helena Xuriok abiatutako ikerketa lana du oinarri. Bera Zugarramurdiko alaba da, eta herrian inoiz entzun izan bazuen ere Zugarramurdin gertatutakoa, ez zuen horren inguruko transmisiorik jaso. Hori dela eta, gaia ikertzeari ekin zion.
Euskal Herrian ez da liburu akademikorik, ez eta monografiarik ere ez sorgin ehiza ikertzen duenik. Gure herrian gertatutako hain sarraski handia izan zen, baina hala ere oso argitalpen gutxi daude horren inguruan. Hutsune hori betetzea du helburu Helenak hasitako ikerketak.
Piezak biltzeari ekin eta niri luzatu zidaten lana ilustratzeko aukera. Komiki ilustratua osatu dugu, beraz, bildutako informazio guztiarekin. Lanak mende oso batez luzatu ziren gertakariak ditu hizpide, eta kapitulo bakoitzak sorgin ehizaren aspektu berezitu bati egiten dio erreferentzia.
Ikerketa lan sakon baten emaitza da, beraz, aurkeztuko duzuen komiki bilduma.
Bai, bada. Gainera sorgin ehiza eta honek eragindako gertakariak beste herrialde batzuetan nola interpretatzen diren ikertu eta landu dugu liburuan. Sorgin ehiza praktika orokortua izan zen Espainiako Inperioan, Siziliatik Flipinetaraino inperioaren menpeko herriak ongi lotuak mantendu eta txikitzeko tresna politikoa izan da.
Mexikon Guillén Lampart, independentzia prozesuaren aurrekarietako bat, heresiaz akusatu eta sutan erre zuten. Horrelako hamaika adibide ditugu, sorgin ehiza disidentzia politikoa jazartzeko tresna zen, edo beste era batera esanda Espainiako Inperioaren ordena politiko eta erlijiosoa mantentzeko tresna.
Euskal Herrian gutxitan begiratu dugu sorgin ehiza ikuspegi horretatik. Azken urtetan asko hedatu da sorgin ehizak emakume askeak eta sendabelarrak ezagutzen zituztenen aurka egin zuela soilik, baina horrek gehiago du Hollywood-etik eta herri konkistatu baten pertzepziotik, benetan sorgin ehizak bete zituen funtzioetatik baino.
Sinestarazi nahi digute Nafarroako Erresumaren konkista dinastia aldaketa huts bat izan zela. Baina Tenochtitlan erortzen ari zen une berean ari zen Amaiurko gaztelua erortzen ere. Une horretan abiatzen da Inkisizioa, gurean Espainiako Inperioaren uztarria suntsitu nahi zutenen aurka egiteko.
Konkistaren ostean Nafarroako Erresumak ehun urtez eutsi zion iparraldean, Behe Nafarroan, bertan ez zen sorgin ehiza kasurik dokumentatu, bai ordea milaka Espainiak konkistatutako hegoaldean. Hortxe ikus daiteke sorgin ehiza disidentzia jazartzeko tresna politikoa zela.
Aurkezpen ilustratua eskainiko duzue Faktorian bihar, zertan datza?
Helenak, herritarra den alde aldetik, testuinguruan jarriko ditu Faktoriara bertaratzen direnak. Zugarramurdiko gertakarien jakin-minetik ikerketa nola abiatu zuen azalduko du.
Nik irudiak eta mapak baliatuta garai hartako historia azalduko dut. Hitzak eta irudiak, bi makulu horien beharra dut nik beti gauza azaltzeko, eta uste dut jendeak hobeto ulertzen dituela horrela.
Euskal Herriaren historia integrala eskainiko dugu. Sara eta Zugarramurdi hain gertu egon arren, bertako gertakariak historia desberdineko parte balira bezala kontatzen dira. Guk sorgin ehizaren Euskal Herriko ikuspegi orokorra eskaini nahi dugu. Gainera, prozesu beretsu bati erantzuten dio denak, izan ere, Bordeleko epaile frantsesek eta Logroñoko inkisidore espainolek bat egin zuten euskal disidentziaren aurka sorgin ehiza egiteko.
Zer espero duzue Faktoriako aurkezpenaz?
Guk gure lanaren nondik norakoak azalduko ditugu, baina entzutera ere bagoaz Faktoriara. Lekukotasunak eta iritziak jaso nahi ditugu, eta guzti horiekin Euskal Herriko sorgin ehizaren errelatoa eraiki.
Entzuna dut gainera Laudion sorgin bat erretzen zela festa batzuetan eta azken urtetan erretzeari utzi zaiola. Hor badago mamia, ea atera dezakegun.
Ale batzuk ere ekarriko ditugu saltzeko, gure editorea asko poztuko da baten bat saltzen badugu (barreak).
Baduzue lan honetan gehiago sakontzeko asmorik?
Pare bat kontu ditugu esku artean Sugarren mende lanari dagokionean. Egokitzapen dramatikoa egin dugu, eta Zarauzko 'Literaturian' aurkeztu dugu antzerkia lehendabizi, baina herriz herri Sugarren mende antzezlana aurkeztekoa asmoa dugu.
Bestetik, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean honi lotutako erakusketa bat aurkeztuko dugu ere.