J MARTINA

"Ez dakigu larunbatean Faktorian eskainiko dugun kontzertua nolakoa izango den"

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urr. 20a, 22:26

J Martina taldeak kontzertua eskainiko du Faktorian larunbatean, 20:30ean. Hemen eskuratu daitezke sarrerak.

J Martina taldea igoko da Faktoriako oholtzara larunbat honetan. Taldeko kide den Kattalinekin hitz egin dugu. Aitortu digu ez dutela oso argi nolakoa izango den larunbateko zita. Izan ere, J Martina pandemia hasi ostean eman zen aditzera, eta oraindik ez dute "kontzertu normalik" egin. Horretaz, euren kantuen letrez eta aurrera begira dituzten proiektuez hitz egin dugu elkarrizketan.

Prest zaudete larunbateko kontzerturako, edo oraindik entseguren bat duzue aurretik?
Ostiralean kontzertua daukagu Abadiñoko Gaztetxean, oso gogotsu gaude asteburuko bi zitetarako. Oraindik ez dakigu Laudioko kontzertua nolakoa izango den, baina Abadiñokoa publikoa zutik izango dugun lehenengo kontzertua izango da. Kontzertuak ematen hasi ginenetik ez dugu hori bizitzeko aukerarik eduki. Beldurrez eta pozez gaude aldi berean.

Zuek pandemia bete-betean azaldutako taldea zarete. Nola aurreikusten duzue, zuen ibilbidea hemendik aurrera? Kontzertuen formatua aldatuko duzue?
Egia esan guk ez genituen aurreikusi gure kontzertuak eserita entzuteko moduan. Ekidin ezin izan dugun baldintza bat izan da. Egia da publikoarekin duzun hartu-emana asko baldintzatzen duela. Baita kontzertuan duzun jarreran ere. Urte bete baino gehiago daramagu kontzertuak eskaintzen, eta naiz eta entzuleak beti eserita egon diren, gu ahalduntzen joan gara.
Aurreikusten dugu “rolloa” guztiz aldatuko dela publikoak dantza egiteko edo zerbait edateko aukera duen unetik.

Urte bete honetan estilo bilaketa batean murgilduta egon zaretela aipatu duzue behin baino gehiagotan. Hor jarraitzen duzue, edo esango zenukete zuen estilo propioa aurkitu duzuela?
Orain arte argitaratu ditugun kantak esan genezake badituztela elementu batzuk komunean: musika elektronikoa, auto-tunea erabiltzea, erritmoa... Baina egia da erreferente oso ezberdinak izan ditugula horiek sortzeko prozesuan. Gaur egun labean sartuta ditugun kanta berriak prozesu guzti horren ondorio dira. Kanta osatuagoak eta helduagoak dira, zerbait pertsonalagoa.

Hitzei ere garrantzia ematen diozue, gaur egungo testuingurura lotutako gaiak jorratuz, baina ez dira oso letra esplizituak.
Gu musika egiten ari gara, sorkuntza prozesu artistiko bat garatzen. Zerbait esplizitua izan dadin badaude bestelako baliabide eta bideak. Gure hitzen bitartez egoera bat deskribatzen edo gertakizun bat kontatzen saiatzen gara. Gauza txikiez hitz egiten saiatzen gara gauza handiagoez hitz egin ahal izateko.

Aipatu duzu kanta berriak dituzuela esku artean. Hauek argitaratzeko orain arteko single eta bideoklip formatua erabiliko ­duzue, edo disko eta euskarri klasikoagoetara joko duzue?
Nahiago dut hori isilpean gorde, sorpresa izatea nahi dugu. Bai aurreratu dezaket bien nahasketa izango dela.

Musikari bezain beste irudiari ere eman diozue garrantzia. Zer pisu dauka irudiak musikagintzan zuendako?
Ezin dugu ukatu irudiak musikagintzan duen pisua, baita gure gizarteko gainerako arloetan ere. Gu Arte Ederretako ikasleak gara, eta musikaren eta irudiaren arteko lotura hori asko interesatzen zaigu.

Zita daukazue asteburu honetan Faktorian. Etortzeko zalantzan dagoen pertsona bat nola deskribatuko zeniokete oraindik emateke dagoen kontzertu hori?
Nik esango nuke J Martinaren kontzertua dela burua xurgatzeko une bat dela, beste atmosfera batera eramaten zaituena. Kantak inoiz entzun ez dituenak ere gozatu egingo du.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide