Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera

EH Bilduk eta Omniak exijitu diote EAJri atzera egiteko eta hiltegia ez ixteko

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 22a, 16:56

EH Bilduk eta Omniak hiltegiaren irekiera eskatu dute. / Aiaraldea.eus

Oposizioko bi taldeek testu bateratua argitaratu dute EAJren erabakia kritikatzeko eta udal hiltegiaren irekiera eskatzeko.

Atzo jakinarazi zuen Laudioko Udal Gobernu Taldeak ez duela hiltegia berriro irekiko, ez baitu bideragarritzat jotzen hori egitea. Erabakia zabaldu eta 24 ordura, Laudioko udalean aritzen den oposizioak adierazpen bateratua plazaratu du, gogor kritikatzeko EAJren asmoa eta zerbitzua berriro abian jartzea beharrezkoa dela aldarrikatzeko.

Hasteko, EH Bilduk eta Omniak leporatu diote EAJri alde bakartasunez jokatzea eta bere argudioak sinisgarriak ez izatea. 

Horrez gain, oposizioko taldeek egotzi diote Udal Gobernu Taldeari "Hiltegia ez itxi" plataformak proposatutako konponbideak aintzat ez hartzea: "sektoreak zerbitzua bere kabuz kudeatzeko duen eskaerari erantzun diezaioketen esperientzia interesgarriak daude, eta horiek esploratzea merezi du, hala nola Etxarri-Aranazko udal-instalazioak lagatzeko esperientzia hiltegia kudeatzeko, Donemiliagako udal-instalazioen erabilera lagatzea Lautadako ADR-ri, Elikagaien Transformazioren baitan hegaztien hiltegi-zerbitzua kudeatzeko edota Urduñan ildo berean lantzen ari diren ekimena ere".

EH Bildu eta Omniak hala uste dute: "oso argi utzi digu Udal Gobernuak hasieratik ez duela zerbitzuarekin jarraitzeko asmorik izan, eta abeltzainen, harakinen eta baita haragi eta produktu lokalak kontsumitzen ditugunen denborarekin eta pazientziarekin jolastu dutela".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide