Hajime Kirol Klubeko bost borrokalari igoko dira ringera hurrengo asteetan

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 24a, 09:00
Ostiralean elkarrekin entrenatu zuten kirolari guztiek. / Aiaraldea.eus

Idoia Arzuaga, Jorge Bengoa, Bilal Ben Yechou, Brahim Salim eta Leire Torres K-1 diziplinako hainbat borroketan lehiatuko dira hurrengo asteetan.

Hajime Kirol Klubak modu indartsuan abiatu du denboraldia eta taldeko bost borrokalarik ringa zapalduko dute laster. Lehenengoa Bilall Ben Yechou gaztea izango da hurrengo igandean, Errenteria Top Fighters ikuskizunean. 

Hasiera batean, Ben Yechouk ez zuen parte hartu behar hitzorduan, MMA borrokaldia izango baita. Baina bere aurkariaren arerioak lesioa izan ostean, laudioarrak bete du hutsunea eta K1 kirolean lehiatuko dira biak. Ben Yechouk borroka bakarra dauka eta esperientzia gehiago duen Rangel Torres izango du aurrean, 90 kilo azpiko kategorian. Aipatzekoa da Errenteriako borroka garrantzitsuena Aratz Garmendiarena izango dela. Garmendia ez da jadanik bizi eskualdean, baina kirolean buru-belarri jarraitzen du. Izan ere, duela denbora gutxi Londresen aritu zen.

Bi emakume ringera

Azaroaren 20an Hajimeko bi kideren txanda helduko da Bilboko La Casilla pabilioian. K1 Slam ekitaldi ospetsuan izango da. Borrokaldi horretan Hego Euskal Herriko K1 kirolari famatuenek parte hartzen dute.

Profesionalek tokia hartu baino lehen, ordea, borroka amateurrak eskaintzen dira eta horietan egongo dira Leire Torres eta Idoia Arzuaga. Torresek bi aldiz zapaldu du ringa aurretik eta 50 kilo azpiko kategorian neurtzea adostu du.

Idoia Arzuagak, ordea, debuta egingo du. Bere aurrean eskarmentu gehiagoko kirolaria izango du, Aintzane Martin durangarra, hain zuzen.

Zarautzen beste bi kide

Astebete beranduago, azaroaren 27an, Zarautzen izango da hitzordua. Han ibiliko dira Brahim Salim eta Jorge Bengoa. Salim Laudiora heldu berri da eta Hajime klubera batu da, baina aurretik 9 aldiz borrokatu da ofizialki. 

Jorge Bengoak 5 borrokako ibilbidea dauka eta Euskadiko K-1 Light diziplinako txapeldunordea izan zen Amorebietan iaz. 75 kilo azpiko kategorian izena eman du eta, berez, torneo batean parte hartuko du. 8 kirolarik txapeldunak izateko neurtuko dituzte euren indarrak, kanporaketa sistema jarraiki. Bengoak adierazi du bere aurkariek esperientzia gehiago dutela, baina bera oso kontzentraturik dagoela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide