Lagunarteko giroa sumatzen zen atzo Laudioko Goikogane mendi taldearen egoitzan. Dozenaka lagun bertaratu ziren Araba kalean dagoen lokalera. Arrazoia? Andres Espinosa Etxebarriaren figura gogora ekartzea.
Ia mito bilakatu den mendizale horri buruzko liburua idatzi du Alberto Luengas Otaola amurrioarrak, eta lanaren aurkezpena burutu zuen atzo, lagunez inguratuta. Jaiotzez Zornotzakoa zen arren, Aiaraldearekin harreman estua izan zuen Espinosak, bere familiak etxea zuelako Kexaan, besteak beste.
Mendizalearen bizitzaren zenbait zertzelada eskaini zituen Luengasek solasaldian. “Mont-Blancera bakarka igo zen lehen persona izan zen, eta abarkak jantzita egin zuen!”, goraipatu zuen idazleak. Espinosaren “umiltasuna” ere nabarmendu zuen amurrioarrak, horrek “pertsona handi” bihurtzen zuelako.
Eskualdeko mendizaletasuna hizpide
Hala ere, Espinosaren "figura" atzoko aurkezpenaren abiapuntua baino ez zen izan, beste hainbat gai izan baitzituzten hizpide hizlariek.
Gontzal Oribe Barcena izan zen hitza hartzen lehena. Liburuaren hitzaurrea idatzi du historialariak, eta Alberto Luengasen ibilbidea errepasatu zuen lehenbizi. Izan ere, amurriorak bederatzi liburu idatzi ditu guztira. Gai anitzeko lanak dira, baina gehienek dute hizpide eskualdea.
Gainera, Mendiko Lagunak taldeko sortzaileetako bat ere bada idazlea. Gauzak hala, talde horren sorreraren hainbat pasarte eta anekdota komentatu zituzten solasaldian zehar, eta Goikogane mendi taldearen historia ere ekarri zuten gogora.
Luengasek txaloak eskaini zizkion publikoaren artean zegoen Mari Carmen Remoni. “Goikogane taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta traba ugari izan zituen, frankismoak ez zielako emakumeei praka luzeak erabiltzen uzten”.
Txantxak eta adar jotzeak ere ez ziren falta izan solaskideen artean, urte luzez sendotutako adiskidetasunaren seinale.
Liburua erosteko aukera egon zen hitzaldia amaitu zenean, eta ale guztiak amaitu ziren. Hala ere, jakinarazi dutenez, gehiago jarriko dituzte salgai laster, eskualdeko zenbait establezimendutan.