Euskal Herri osoko hamaika lagun hurbildu dira gaur Faktoriara gaur, "Sormenean hezi, kulturaz bizi" ikastaroaren bigarren jardunaldira. Senperen egin zuten lehenbiziko saioa. Hurrengo hitzorduak Lesakan eta Azpeitian izango dira; azaroaren 13an eta 20an, hurrenez hurren. 9:30ean hasi dira solasaldiak, eta sarean daude ikusgai dagoeneko, jardunaldi osoak zuzenean emititu baitira:
Musika eta literatura izan dira lehenbiziko protagonistak, eta Literaturia ekimena izan dute ardatz horretarako. Ondoren, komikigintzari egin diote tartea, Xabiroi aldizkaria oinarri hartuta.
Mahainguruen txanda heldu da segidan. Batetik, gazteak eta kulturgintzaren transmisioa izan dute helduleku, Oihaneder Euskararen Etxearen eta Topaguneko Gau Beltzari buruzko ekimenaren haritik. Amaitzeko, kulturgintza sozializatzeko plazetaz jardun dira, Gernikako Astra eta Azpeitiko Dinamoa espazioen esperientzietatik abiatuta. Bazkariarekin eman diote amaiera jardunaldiari.