Aiaraldeko emakume* sortzaileen azoka antolatu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Feminismo ildoak (Bor-bor elkarteak) hilaren 20rako. Aiaraldeko emakume sortzaileak euskaraz saretzea da ekimenaren helburua. Izan ere, urtean zehar, bailarako hainbat tokitan errepikatu nahi dute ekimena. Ondorengoak dira helburuak:
- Aiaraldeko zein Euskal Herriko emakume sortzaileak elkar ezagutzea, eta euskaraz saretzea, Faktoria horretarako zubi eta espazio izanez.
- Emakume sortzaileen lanak eta ezagutzak aitortu, sozializatu eta partekatzeko espazio zein baliabideak eskaintzea.
- Elkarren arteko (norbanako zein kolektibo) aliantzak sortzea.
- Faktoria feminismoan eta euskaran "eragile eta espazio aktibo" izateko dinamikak abiatzea, bailarako emakume* sortzaileekin kasu.
Egun osoko egitaraua
Asanblada irekiak deitu dituzte proiektua elkarlanean sortzeko, eta azaroaren 20ko azoka izango da emaitza. Dena den, ez da merkatu soila izango: 12:00etatik 20:00etara egongo dira bisitari guztientzat ateak zabalik. Gainera, Euskal Herriko Dinagu kolektiboaren aurkezpena ere jasoko du Faktoriak, 12:00etan hain zuzen. Eguerdian emakume ekoizleekin osaturiko janari eskaintza egongo da kantinan, eta eguna borobiltzeko Eneritz Furyaken kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da.
Faktoria, emakume ekoizlez lepo
Ondorengoak izango dira azaroaren 20an Faktoriara bertaratzeko aukera izango duten sortzaileak. Alabaina, Bor-bor feminismo elkarteak "Aiaraldeko emakume sortzaileen katalogoa" aurkeztu eta banatuko du ere, , Adi grafiken laguntzarekin. Bertan jasoko dituzte bailarako emakume sortzaileen lanak, kontaktatzeko moduak eta sorkuntza prozesuari buruzko xehetasunak.