Euskal Kazetarien Elkarteko eta Kazetarien Euskal Elkargoko saria jaso du Roberto Frailek

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 12a, 16:47
Roberto Fraileren semeak hartu zuen saria. / EKE-KEE

Laudion jaiotako kazetariarentzat eta bere lankide David Beriainentzat izan zen 'Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portel' saria. Burkina Fason hildako profesionalen senideek jaso zuten aitortza.

Asteazkenean Euskal Kazetarien Elkarteko eta Kazetarien Euskal Elkargoko sariak banatu zituzten Bilbon, BBK Aretoan. Zenbait erakunde eta profesionalen ibilbideak aitortu zituzten eta horien artean egon ziren Roberto Fraile eta David Beriain. Zehazki, eurentzat izan zen 'Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portel' aitorpena.

Biak hil zituen Al Qaeda erakuden islamistak Burkina Fason, legez kanpoko ehizari buruzko erreportajea egiten zuten bitartean, eta euren lana eta sakrifizioa omendu dituzte euskal kazetariek.

Roberto Fraileren bikoteak, Lidia Marcosek, jaso zuen aitorpena, eta berarekin bere seme Daniel egon zen, nahiz eta hitza hartu ez zuen. Bere alaba Carlak ez zuen aukerarik izan bertaratzeko.

Emakumeak gogoratu zuen Roberto Fraileren alderik onena bizitza pribatuan zegoela: "Munduko aitarik onena izan zen. Beti nahi zuen bere seme-alaben bizitzetan parte hartu eta beraiengatik izan ez balitz, urteak emango lituzkeen atzerrian. Tolerantziaren balioa transmititu zien eta espero dut bere hilketak ez sortzea gorrotoa bere seme-alaben bihotzetan".

Marcosek gogoratu zuen Roberto Frailek ez zuela inoiz Laudio ahaztu eta behin baino gehiagotan etorri zirela udan, "bere erroak ezagutzeko". Emakumeak azpimarratu zuen Roberto Fraileren helburua izan zela munduko injustiziak salatzea bere kamararekin.

Sari banaketa berean Mirentxu Purroy, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Julio Flor, Angel Ruiz de Azua eta Eva Caballero omendu zituzten. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak edota Bilboko alkateak hartu zuten parte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide