Laudioko Udalak datorren urtean indargabetuko ditu tabernen terrazei lotuta pandemiaren testuinguruan jarritako neurriak. Espazio horiek COVID-19a agertu baino lehen zuten tamainara itzuli beharko dira 2022ko otsailaren 1ean.
Horrez gain, terrazen gaineko tasak ere berrezarriko ditu tokiko erakundeak, datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera. Modu horretan, aurtengo Gabonetan neurri horiez gozatzen jarraitu ahalko dute ostalariek.
Laudioko Udalak 2020an jarri zituen indarrean terrazei lotutako neurri horiek, eta 2021ean zehar ere mantentzea erabaki zuen gero, pandemiak bere horretan jarraitzen zuela ikusita.