Zure familiaren baserriaren oroitzapenetatik tiraka sortu duzu obra. Zer aurkituko du ikusleak bertan?
Nik uste dut artiston lana dela jakitea ze tekla jo, tekla horrek beste tekla batzuk jotzeko gero. Ez nuke nahi jendeak pentsatzea nire familiari omenaldi soil bat dela Faktorian taularatuko dudana. Hein batean bada, baina ez nuke nahi jendea horrekin geratzea soilik.
Jo ditut nire familiaren teklak, nire oroitzapenen teklak, hain zuzen ere ikusleen teklak jotzeko asmoz.
Zer nolako harrera izan du antzezlanak orain arte?
Orain arte hamar bat aldiz plazaratu dut obra, eta hau bukatzerakoan asko izan dira nigana gerturatu direnak eurak ere identifikatuta sentitu direla esanaz: “nik ere badut baserri bat”, “nik ere ikusi dut nire amama hori egiten”, “nire aitonak ere berba egiten zigun horri buruz”... Gauza unibertsalez hitz egiteko modu bakarra norberak bere gauzez hitz egitea da. Askotan zuzenean hasten bazara gauza unibertsalei buruz hitz egiten, ziurrenik errazago agertuko da zure egoa alderantziz baino. Normalean zugana datorrena gauza onak esaten dator, inor ez da zugana hurbiltzen “zelako mierda egin duzun” esateko. Zentzu horretan esan dezaket jendeak oso harrera ona egin diola antzezlanari. Ikusleak antzerkiak duen tempo lasaia eta toke umoretsuak baloratzen ditu, antzerki dokumental batek derrigorrean eduki behar dituenak.
Nola taularatu duzue baserri mundua antzezlanean?
Baserri inguru batean garatzen den antzezlan bat izanik, erabaki genuen akzioari denbora bat ematea, ikusi ahal izatea. Uste dugulako baserrian badagoela denbora hori, gauzak ikusteko denbora hori. Akzioak luzeak dira eta ikusleak lehenengo unetik barneratzen du hori. Matxalen De Pedero eta Igor de la Cuadrak arduratu dira gauzei denbora bat emateaz, mimoa jartzeaz eta guztiari maitasuna emateaz. Ikusleak asko eskertzen du hori, badakitelako kariñoarekin egindako obra bat dela gurea. Horrek asko laguntzen du jendea nahi duen maite dituen oroitzapen horiekin konektatzen.
Antzerki dokumental gisa definitu duzu zure lana. Hori da obraren generoa?
Ez da horrenbeste forma bat, ez da antzerki dokumental forma bat. Performatiboa eta “cabareteskoa” izan daiteke ere. Bakoitzak hartu eta bere egiten duen kontzeptua da. Niri gustatzen zait esatea dokumentuak garrantzia asko hartzen duen antzerki bat dela honakoa. Dokumentuak ekartzen ditut taulara, eta objektu horiei ematen zaien trataera obra osatzen dute. Horri esker publikoa antzezlanean sartu daiteke eta sinistu guzti hori egia dela.