Erasmus+ proiektua abiatzeko laguntza eman dio Europako Kontseiluak Laudio BHI ikastetxeari. Europako beste hiru ikastetxerekin arituko da elkarlanean egitasmoa gauzatzeko: Lituaniako Šilutės Martyno Jankaus pagrindinė mokykla, Greziako Trikala herriko 7th High School of Trikala eta Italiako Mantova herriko ICS di San Giorgio di Mantova.
Duela lau urte “A Nod to Our Heritage” ekimena jarri zuten abian Laudio BHIko ikasleek. Aurten, aldiz, “Click on Sustainability” egitasmoa burutuko dute. “Ikastetxe bakoitzak bere proiektua du, guztiak garapen jasangarriaren inguruan elkarri laguntzeko, irakatsi eta ikasteko”, azaldu dute.
Hainbat gai landuko dituzte propiektuan: birziklapen egokia, karbono aztarna, baliabide naturalak, ekosistemen zerbitzuak, Laudio inguruan jasangarritasunaren egoera zein den… Bi bidelagun nagusi izango ditu hezkuntza zentroak horretarako: Laudioko Udala eta Aitor Saez, biologoa, ikertzailea eta Izoriako ur araztegiko langilea.
60 ikasle eta 2 irakasle batu dira proiektura. Garapen jasangarria izango dute aztergai
60 ikasle inplikatuta
Institutuko 60 ikaslek eman dute izena proiektuan, parte hartzea boluntarioa baita. 2 irakasle egongo dira ekimena bideratzen.
Ikasleek proiektuan egingo duten lanak fruitu zehatzak emango dituela aurreikusi dute, ortu edo lorategi bat atondu baitute ikastetxean. “Nahiz eta proiektua ingelesez izan, gure ikasleek bilatzen edo jasotzen duten informazioa euskaraz egon daiteke”, gaineratu dute.
Hiru bidaia atzerrira
Bi ikasturtez luzatuko da egitasmoa, 2023ko apirilera arte. Tarte horretan hiru bidaia egitea aurreikusi dute, proiektuan dauden beste ikastetxeetara. “Bidai bakoitzean hamar ikasle inguruk hartu ahal izango dute parte. Oraindik datak zehazteke daude osasun egoera dela eta. Gerta daiteke bidaiarik egiteko aukerarik ez izatea. Horrela balitz, beste modu bateko ‘bisitak’ egingo genituzke IKT baliabideak erabiliz”.
Europako ikastetxeak elkarlanean jartzea da Erasmus+ ekimenaren xede nagusia. Hezkuntza zentroek gai bat hautatu behar dute (garapen jasangarria, kasu honetan) eta bakoitzak proiektu bana garatu behar du horren inguruan, gainontzekoei zerbait irakasteko.