Larunbatean ospatu zuten Rockein lehiaketako finala Basauriko Social Antzokian. Finalisten artean Julen Burgos laudioarrak parte hartu zuen eta saria eskuratu zuen.
Hain zuzen, euskarako saria egokitu zitzaion eta Burgos oso pozik dagoela adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari. Berez, bere lehen emanaldia izan zen bakarlari gisa eta lau abesti jo zituen, 20 minutu, guztira. Sortzaileak azpimarratu du tokia izugarria dela jotzeko eta talde guztiak oso ondo aritu zirela.
"Lau kantak euskaraz izan ziren eta azaldu nuen gazteleraz ere baditudala batzuk, baina horiek aukeratu nituela kontzerturako", argitu du musikariak. Edonola ere, irabazitako sariak ateak irekiko dizkio beste kontzertu bat emateko, Basauriko MAZ jaialdian edo Bizkaiko beste areto batean.
Horrez gain, estudio profesional batean abestia grabatzeko aukera emango dio sariak. Pandemia dela eta, aitorpena ez du jaso fisikoki, baina finalean bertan jakinarazi zituzten irabazleak.