LAUDIOKO UDAL HILTEGIA

EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute 'Hiltegia Ez Itxi' plataformaren mozioa

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abe. 1a, 11:53

'Hiltegia Ez Itxi' plataformako kide ugari bertaratu ziren asteleheneko Udal Osoko Bilkurara. / Aiaraldea.eus

'Hiltegia Ez Itxi' plataformak mozioa aurkeztu zuen asteleheneko Udal Osoko Bilkuran. Azpiegituraren itxierak herriko eta eskualdeko ekoizleak kinka larrian jarri dituela salatu zuten plataformako kideek, bai eta hartutako neurriak Eusko Legebiltzarrean adostutako suspertze sozioekonomikorako ponentzian aurkeztutako ondorioekin bat ez datozela ere.

Aiaraldeko abeltzain eta ekoizleek Laudioko azaroko Udal Osoko Bilkurara eraman zuten hiltegiaren itxieraren afera. 'Hiltegia Ez Itxi' plataformak mozioa aurkeztu zuen udal azpiegituraren itxierak eragindako egoeraren aurrean konponbide bat bilatzeko asmoz.

Uztailaren 3an itxi zen kautelazko neurri bezala Laudioko hiltegia, eta Udal Gobernuak berriro ez irekitzea erabaki zuen irailean. Egoera horrek Laudioko zein Aiaraldeko abeltzain eta harakinak gogor kaltetu dituela azaldu zuten plataformako kideek. "Laudioko harategietako haragiaren %40 ateratzen zen hiltegitik, udalak bizkarra eman dio errealitate horri", azaldu zuen Iñaki Urkixok mozioan aurkeztutako testuaren defentsan.

Dagoeneko bost hilabetez luzatu den egoerak kalteak eragiten hasi dela adierazi zuen ekoizleak: "Bi hilabete barru hasten da arkumearen kanpaina eta honezkero eskari ugari bertan behera geratu dira". Egoera luzatuz gero, epe ertainean, herrian abeltzainik geratuko ez dela ohartarazi zuen plataformak.

Aiaraldeko ponentzia sozioekonomikoa

Eusko Legebiltzarrak berriki onartu du Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko plan sozioekonomikoa, eta 24 eta 26 milioi euro artean bideratuko dira horretarako. Legebiltzarreko txostenean jasotako ondorioak mahaigaineratu zituen 'Hiltegia Ez Itxi' plataformak. Izan ere, zero kilometroaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten du EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PP-Ciudadanos alderdien babesa jaso duen ekimenak. Gainera, 2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du txostenak eskualdeko lehen sektorean.

Hori dela eta, plataformak EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuaren ekintzak "kontraesankorrak" direla azpimarratu zuen plataformak mozioaren eztabaidan: "Hiltegiaren itxiera ez dator bat, inondik inora, Legebiltzarreko ponentzian adostutako eta defendatutako neurriekin. Kontraesankorra da instituzio batzuetan defendatzen denaren aurka egotea beste instituzio batzuetan". Gauzak hala, ponentzian esandakoa betetzea exijitu zioten Ander Añibarro buru duen Udal Gobernuari.

Azkenik, eta talde politikoen iritziak entzun aurretik, hiltegi berria eraikitzeko borondaterik dagoen edo ez galdegin zuen Iñaki Urkixok plataformaren izenean.

Udal-taldeen iritziak

Loli Murielek hartu zuen hitza PSE-EE taldearen izenean. Hiltegiaren itxiera honen kudeaketa txarrak eragin zuela nabarmendu zuen: "arrazoi teknikoak izan ziren, ez politikoak". Iaz sakrifikatutako behi kopurua ere erabili zuen hiltegiaren itxiera defendatzeko: "Hiltegian 3.080 behi sakrifikatu ziren iaz, eta 60 bakarrik ziren Laudiokoak". Murielen esanetan, azpiegituraren erabilera nagusia Laudiotik kanpoko ekoizleek egiten zuten.

Omniak, bere aldetik, "legealdikoo gaitzat" jo zuen hiltegiaren afera, eta honen itxiera politikoa izan zela defendatu zuen. "Kudeaketan gabeziak bazeuden, santzioak edo isunak jar zitezkeen. Beste modu batean jokatzea zegoen. Argi eta garbi erabaki politikoa izan da itxieraren alde egitea" azaldu zuen Alvaro Barrios zinegotziak.

Bide beretik jo zuen EH Bilduk. Uztailaren 2ra arte gabezia eta irregulartasunik izan ez eta egun batetik bestera ixtea erabaki izanak erabakiaren izaera politikoa eta ez teknikoa erakusten duela argudiatu zuen Lamia Arcas bozeramaileak. Hiltegiaren zerbitzua eta honen kudeaketa gauza desberdinak direla azpimarratu zuen Arcasek: "Udalak kontratua berritzeko lizitazioa abian jar zezakeen, baina ez du egin. Ez dakigu zergatik ez den berriz zabaldu".

Udalak esandakoa bete ez duela adierazi zuen EH Bilduko bozeramaileak, eta gaia denboran luzatu besterik egin ez duela azaldu zuen: "Zergatik ez da hiltegia hobetzeko proiektua exekutatu? Zergatik behar izan dira lau hilabete hiltegiaren kudeatzaile-ohiarekin komisio bat osatzeko? Udal Gobernuak ez du bere hitza bete".

Azken argudio batekin bukatu zuen Lamia Arcasek bere hitzartzea: "Laudioar guztiek erabiltzen ez duten zerbitzua dela defendatzen du Udal Gobernuak hiltegian egin behar diren inbertsioen bideragarritasun eza argudiatzeko. Zentzurik ez duen argudioa da; norbaitek pentsatuko luke herriak ez duela anbulategi berri batean inbertitu behar herritar guztiek erabiltzen ez dutelako? Noski ezetz. Hiltegia ere oinarrizko zerbitzua da gure herrian".

EAJren jarrera

Azkenik, Ander Larrinagak hartu zuen hitza EAJren izenean. Laudioko hiltegia zero kilometro eta jasangarritasun kontzeptuekin bat ez zetorren azpiegitura zela defendatu zuen EAJko zinegotziak. "Kudeaketa txarra izan da, asko hitz egiten da 2019an gertatutakoaz, baina gainerako urteei ere begiratu beharra zaio, ez da arduraz jokatu".

Udal Gobernua plataformaren argudioak entzun eta konponbideak bilatzeko prest dagoela esanez bukatu zuen Larrinagak.

"Ahalik eta lasterren heldu behar zaio gaiari. Konponbide bat heltzen denerako hemen ez da abeltzainik geratuko"

Ez zen mozioa onartu

EAJk eta PSE-EEk 'Hiltegia Ez Itxi' plataformak aurkeztutako testuaren aurka bozkatu zuten eta, ondorioz, mozioa ez zen onartua izan. Horrek haserrea piztu zuen udalbatza aretora bertaratu ziren abeltzainen artean. Iñaki Urkixok hiltegiaren itxierak eragindako egoera larria bideratzeko borondate politikoa exijitu zuen plataformaren izenean: "Ahalik eta lasterren heldu behar zaio gaiari. Konponbide bat heltzen denerako hemen ez da abeltzainik geratuko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide