Atzo 18:00etan ekin zioten Kultura Etxean Laudioko Antzokia aurkezteari. Xavier de las Heras arkitektoak hartu zuen hitza horretarako. Ander Larrinaga alkateordeak, aldiz, tokiko erakundeari lotutako zalantzak argitu zituen.
De las Herasek hainbat azalpen tekniko eman zuen: hiru solairu izango dituela eraikinak, oholtza eta eserlekuak jasotzen dituen "kutxa" baten inguruan garatu dela, Latiorroko inguruak urbanizatzea duela helburu, Altzarrateko plaza zein inguruko etxebizitzak batuta, auzokideei arazo gehigarririk ez diela sortu nahi paisaia oztopatuta, lur azpian egongo dela eraikinaren zati handi bat...
Proiektuaren filosofia goraipatu zuen arkitektoak. Izan ere, soiltasuna izan da ardatz, ekimen kulturalei protagonismoa ez kentzeko. Horretarako funtsezko hornigaiak baino ez dituzte erabiliko: egurra, altzairua, egitura metalikoak eta kristala, apaingarriak baztertuz.
Antzokiaren proiektuaren asmatzaileak aurkeztu duen eraikina eta herritarren galdera ugari erantzun zituen.
Egindako argipenen artean, De las Herasek aipatu zuen taberna izango duela azpiegiturak eta modu independentean funtzionatu dezakela. Halaber, arkitektoak azpimarratu zuen trenen soinua isiltzeko neurriak hartuko dituztela.
Herritarren galderak
Aurkezpenean parte hartu zutenen artean bazeuden asko proiektuan aritu direnak; udal teknikariak, aurreko udal gobernu taldeko kideak... Baina herritar soilak ere agertu ziren Kultura Etxean.
Galdera zehatzak egin zituzten: zenbat artista sar daitezkeen kamerinotan (32), zenbateko edukiera izango duen instalazioak (423 eserita eta 700 zutik, aurreko eserlekuak batuta), nolakoa zen irisgarritasuna...
Galdera batzuk zorrotzagoak izan baziren ere, eta nahiz eta Latiorroko auzokideek zenbait kexa plazaratu (adibidez, aparkalekuen beharra edo eskailera mekanikoen matxurak), bilera giro lasaian eta eraikitzailean garatu zen. Kontuan hartu behar da proiektua zenbait talderen kritiken artean sortu zela, txikiegitzat jotzen baitzuten.