‘Laudio Berrikusi’ aplikazioa aurkeztu zuten atzo Laudioko Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. Hiru ordezkari instituzionalek hartu zuten parte ekitaldian: Ander Añibarro alkateak, Javier Hurtado sailburuak eta Cristina Gonzalez foru diputatuak.
“Merkataritza dinamizatzeko proiektu pilotu bat” da ‘Laudio Berrikusi’, Hurtadok azaldu zuenez. Herriko establezimenduei “ikusgarritasuna eta herritarrekin konektatzeko bideak” ematean datza egitasmoa, app baten bidez. Modu horretan, “tokiko merkataritzaren digitalizazioan” sakondu nahi dute. Herritarrei, aldiz, Laudio “berriro deskubritzeko” aukera eman nahi diete, aplikazioak dituen funtzioen bidez.
Sailburuaren arabera, “ezaugarri bereziak dituelako” hautatu dute Laudio proba pilotua egiteko: “Arabako herri neuralgikoa eta Aiaraldea eskualdeko ardatza da, eta Ekonomia Suspertzeko Plan Berezi baten xede izango da, Eusko Legebiltzarrak berriki onartu duena.
Era berean, Apill merkatari elkartearen lana goraipatu zuen Cristina Gonzalezek. “Laudioko merkatariek oso ondo hartu dituzte Aldunditik egin ditugun kanpainak”, nabarmendu zuen diputatuak.
Ander Añibarrok ere goraipatu zuen elkartearen lana, eta aurreratu zuen datozen hilabeteetan "proiektu pilotu gehiago" aurkeztuko dituztela:
'Laudio Berrikusi' egitasmoa aurkeztu dute gaur @LaudiokoUdala -k, @Araba -k eta @Gob_eus -k. @anderam89 alkateak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak pic.twitter.com/aiht366hIm
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 3, 2021
Hainbat funtziodun tresna
Agenda kulturala, merkatarien unean uneko eskaintzak, saltokien kontaktuak, zozketak, enplegu eskaintzak… hainbat zerbitzu barnbilduko ditu tresnak, atzoko agerraldian azaldu zutenez.
Bideo honetan laburbiltzen dira tresnaren nondik norakoak:
400 euroko 3 bono
AppStore edo GooglePlay plataformetatik jaitsi daiteke aplikazioa. Apill elkarteak hainbat dinamika abiatu ditu tresnaren erabilera sustatzeko. 400 euroko 3 bono zozketatuko dituzte abenduaren 31a baino lehen aplikazioa sakelakoan instalatzen duten bizilagunen artean.